Pentsioen erreforma

... besteen akordioa

Pentsioen erreformaz gain, negoziazio kolektiboa eta enplegu eta energia politikak eraldatzeko oinarriak adostu dituzteCCOOko eta UGTko zuzendaritzek oniritzia eman diote gizarte akordioari

2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta patronalak herenegun gauerdia jota lortu zuten krisiaren kontrako gizarte akordioa deitu dutena egitea. Lorpenarekin pozik azaldu ziren atzo negoziazioetan parte hartu duten guztiak. 1977an Moncloakoa sinatu zutenetik egindako akordiorik garrantzitsuena bezalaaurkeztu zuen Valeriano Gomez Espainiako Lan ministroak. Eta horrenbesteko euforiarik gabe, baina gustura agertu ziren Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGT ko idazkari nagusiak ere, bi sindikatuetako zuzendaritzek akordioari oniritzia eman ostean. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak gaur aurkeztuko du ofizialki akordioa. Dagoeneko, baina, jakinarazi dituzte punturik esanguratsuenak.

Adostutako testuak ia 40 orrialde ditu, eta lau zatitan banatu dute: lehenengoan, printzipioen adierazpena jaso dute; bigarrenean, pentsioen, negoziazio kolektiboaren eta enplegu politika aktiboen inguruan hitzartu dituztenak; hirugarrenean, gobernuaren konpromisoa funtzio publikoen mahaia indarren jartzeko; eta laugarrenean, industria eta energia politiken erreformen oinarriak.

Erretiroak eta pentsioak Beranduago eta txikiagoak

Erretiroa hartzeko adin ofiziala 67 urtera atzeratzea hitzartu dute. Atzeratze hori bi zatitan gauzatuko da: 2012tik 2018ra urteko hilabete atzeratuko da erretiro adina, eta 2019tik 2027ra urteko bi hilabete. Horrela, 2027an, 67 urte beharko dira erretiroa hartu ahal izateko. Pentsio osoa jasotzeko, berriz, 38 urte eta erdiz kotizatu beharko da Gizarte Segurantzan, orain baino hiru urte eta erdi gehiagoz. Luzatze hori ere zatika gauzatuko da.

Pentsio ordainaren kalkuluan ere, aldaketak etorriko dira. Erreformarekin, lan bizitzako azken 25 urtetako kotizazioak hartuko dira kontuan, orain baino hamar gehiago. 2013tik 2022ra, urteko urtebete luzatuko da kotizatu beharreko denbora.

Erretiroa aurreratua hartzeko baldintzei ere eragingo die erreformak. Egun kaleratuak izaten diren langileek bakarrik dute erretiro mota hori hartzeko eskubidea; gutxi barru, borondatezkoa izango da 63 urte beteta eta gutxienez 33 urte kotizatuta dituzten langileentzat. Erretiratuari 67 urte betetzeko falta zaion urte bakoitzeko%7,5 murriztuko zaio pentsio ordaina.

Enpresa krisian den kasuan, 61 urterekin hartu ahal izango da erretiro aurreratua, 33 urte kotizatuta izanez gero. Kasu honetan ere, erretiratuari 67 urte betetzeko falta zaion urte bakoitzeko %7,5 murriztuko zaio pentsio ordaina. Behin adin horretara iritsita jasoko duen pentsioa berez jasoko zukeena baino %33 txikiagoa izango da gutxienez eta %42 txikiagoa gehienez.

Lan bizitza 67 urtetik harago luzatzeagatik, ostera, pizgarriak egongo dira, eta pizgarri horiek bakoitzaren lan bizitzaren iraupenaren araberakoak izango dira. 25 urte baino gutxiagoz lan egin dutenei, pentsio ordaina %2 handituko zaie lan egiten duten urte bakoitzeko; 25 eta 37 urte artean lan egin dutenei urteko %2,75; eta 37 urte baino gehiagoz lan egin dutenei urteko %4.

Pentsio sistema berria 2027an berrikusiko dute, orduko bizi-itxaropen parametroak kontuan hartuta.

Negoziazio kolektiboa Itun malguagoak nahi dituzte

Martxoaren 19a jarri dute negoziazio kolektiboaren erreforma hitzartzeko mugatzat.Baina, herenegun adostutako idatziak aurreratzen du erreforma hori zein norabidetan joango den.

Honela jasotzen du idatziak: «Negoziazio kolektiboak arazoak ditu egituran, legitimazioan, barne malgutasunean, berrikuntzan, edukien egokitzeko gaitasunean, kudeaketan eta zailtasunetara egokitzeko gaitasunean». Hortaz, arazo horiei guztiei irtenbidea emateko moduko erreforma egituratzea izango dute erronka. Aldaketen oinarriak, ordea, finkatu dituzte dagoeneko.

Lan hitzarmenek unean uneko eta tokian tokiko egoerara egokitzeko gaitasuna izan behar dutela iritzita, enpresa barneko eta sektoreko itunak malgutzeko neurriak hartuko dituzte. Ildo horretan, itunak enpresa bakoitzean negoziatzeko formula sustatu behar dela uste dute. Alabaina, bikoiztasuna ekiditearen aldekoak dira, hau da, arlo berean sektoreko, probintziako, autonomiako etaestatuko itunak egoterik ez dutela onartuko. Horrenbestez, hirura mugatuko dute kopurua.

Negoziazio kolektiboak biziagoa izan behar duela uste dute bai negoziazio prozesuari, bai eduki berrien sarrerari eta bai zaharreran ezabatzeari dagokionean. Beharrezkotzat jotzen dute itunen kudeaketa eta administrazioa momentu oro hobetzea ahalbidetuko duten tresnak sortzea. Enpresaburuen eta langileen ordezkariek autonomia handiagoa izateko neurriak hartuko dituzte gainera.

Enplegu politikak 400 euroko laguntza

Hiru ataletan banatu dituzte enplegu politika aktiboen inguruan hitzartu dituzten neurriak: batetik, koiunturak eragindako arazoak konpontzeko neurriak; bestetik, egiturazko arazoak konpontzekoak; eta, azkenik, lan merkatuaren erreforman sakontzekoak.

Arazo koiunturalak konpontzeko, 30 urtez azpiko gazteentzat enplegua sustatzeko plan bat abian jarriko dute. Gazte bat lanaldi erdiz edo hiru laurdenez hartzen duen enpresak kenkariak izango ditu kotizazioetan. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izan beharko dute gutxienez, eta aldi baterakoak edo mugagabeak izan daitezke. Kenkariak kotizazioen %100era irits daitezke. Aldi baterako kontratu horiek mugagabe egiten dituzten enpresek ere kenkariak izango dituzte kotizazioetan.

Langabezia saria bukatu zaien langabeentzat 426 euroko laguntzaren ordezkoa izango dena ere sortuko du Espainiako Gobernuak. Lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 baino errenta txikiagoa dituztenek, 400 euroko laguntza jaso ahal izango dute gehienez sei hilabetez. Laguntza hori jaso ahal izateko, baina, ezinbestekoa izango dute formakuntza kurtsoren bat egitea.

55 urtetik gorakoentzat enplegua sustatzeko plan bat irailerako prestatzeko konpromisoa hartu du, gainera, gobernuak.

Egiturazko arazoak konpontzeko honakoak hitzartu dituzte: langabeei arreta pertsonalizatua emateko tresnak sortzea, enplegu zerbitzu publikoak indartzea, Espainiako enplegu estrategia garatzea eta egungo enplegu politika aktiboak goitik behera eraldatzea.

Lan merkatuaren erreforman sakontzeko, berriz, enpresa bakoitzean langileentzat kapitalizazio funts bat sortzea onartuko du gobernuak ekainerako. Horrez gain, enplegua erregulatzeko dosierren inguruko araudia negoziatuko dute datozen asteetan; gobernuak dagoeneko zirriborroa helarazi die sindikatuei.

Energia politika Garoña ixtea hitzartu dute

Energia berriztagarrien alde apustu egiteko konpromisoa ez ezik, energia nuklearra bultzatzearekin zerikusia duen ekimen oro baztertzeko konpromisoa ere hartu dute, eta Garoñaren itxiera ez atzeratzea hitzartu dute.

Horrez gain, 2020rako jarritako helburuak betetzea adostu dute, kontsumitzen den energiaren %20 iturri berriztagarrietatik sortutakoa izatea kasu. Horretarako, energia berriztagarriak sustatzeko plana egituratu beharko dute datozen asteetan. Argindar sistemako prezioak berrikusteko, zaurgarrienentzat tarifa bereziak sortzeko eta kontsumorik txikieneko orduetarako tarifa bereziak sortzeko konpromisoa ere hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.