Beti ur gainean (2012-05-27)

Espainiako Gobernuak Botinen zerga iruzurra aurkitu zuen Suitzan, eta zorra ordaintzeko eskatu zion. Auzitegi Nazionalak orain esan du Botinek ez zuela deliturik egin.

jakes goikoetxea
2014ko irailaren 10a
11:45
Entzun

Zipriztindu bai. Busti pixka bat, ere bai. Hondoratu, ez. Beti ur gainean dabil Emilio Botin. Badaki zer den auzipetuta egotea, baina salaketa guztietatik onik atera da, hainbat harreman politiko eta ekonomiko direla medio. Azkeneko kasua artxibatu egin dute, aste honetan bertan.

2010ean, HSBC Private Bank Suisse bankuko langile ohi batek  ezkutuko kontuei buruzko informazioa eman zien Frantziako agintariei. Tartean hainbat espainiar zeuden, botindarrak, esaterako: Emilio eta Jaime Botin anaiak eta bakoitzaren bost seme-alabak. Baita Artur Mas Generalitateko presidentearen aita ere. Espainiako Zerga Agentziak 659 ustezko iruzurgile ikertu zituen. 3.000 kontu baino gehiago ziren,  eta, guztira, 6.000-8.000 milioi euro artean zeuzkaten Suitzan.

Zerga Agentziak egiaztatu zuen botindarrek ez zituztela kontu haiei zegozkien pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) eta ondare zerga ordaindu, 2005 eta 2009 artean. Zerga Agentziak, baina, iruzurgileen kontrako zigor prozedura abiatu ordez, Emilio Botini eta senideei jakinarazi zien iruzurra aurkitu zuela, eta eskatu zien ordain zitzatela zegozkien zergak, atzerapenarekin bazen ere, aitorpen osagarrien bitartez. Ogasun Ministerioko teknikoek eta ikuskatzaileek diote normalean iruzurgileei ez zaiela halako aukerarik ematen. 

Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak botindarren aurkako salaketa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, iazko ekainean: alde batetik, 2005eko zerga delituak baliorik gabe geratzeko arriskua zegoelako; beste alde batetik, Botin familiak aurkeztutako agiriak ikertzeko denbora behar zutelako. Auzitegi Nazionalak salaketak onartu egin zituen. Urte eta erdi geroago, auzia artxibatu egin du. Baina onartu du «ezinezkoa» izan dela dena egiaztatzea Botin familiak emandako agirietan oinarrituta.

Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du botindarren kontrako auzia, beren egoera arautu dutelako, 2005 eta 2009 artean ordaindu ez zituzten zergak 2010ean ordaindu zituztelako. Sententzia ez da irmoa, eta kontrako helegitea aurkez daiteke hiru hilabete baino lehen.

Epaileak, Fernando Andreuk, dio botindarrek Zerga Agentziak ikerketa eta egiaztatzea abiatu aurretik arautu zutela beren egoera. Espainiako Gobernuak eman baitzien abisua. «Beren borondatez» eta Zerga Agentziaren jakinarazpena jaso gabe ordaindu dute, familiako abokatuen arabera. Guztira, 200 milioi euro inguru ordaindu zituzten zergetan. Kontuetan, 2.000 milioi euro zeuzkaten. Ez zuten isunik ordaindu.

Kasuak, Gestharentzat, baieztatu egin du Espainiako Gobernuak Emilio Botinen eta HSBCko ezkutuko kontuen 659 jabeen alde egin zuela. Espainiako ogasuneko teknikarien sindikatua da Gestha. «Prozedura arauz kanpokoa izan zen, gainerako zerga ordaintzaileei aplikatzen zaienekiko ezberdina», Jose Maria Mollinedo Gesthako idazkari nagusiaren iritziz. Izan ere, Zerga Agentziak aitorpen osagarriak egiten utzi zien, zigor prozedura abiatu ordez. «Larriena aukeratutako prozedura izan da, iruzurra egin zutenek azkenean deliturik ez egitea ahalbidetu duelako», salatu du Mollinedok. 

Zigor prozedura lehenago abiatuz gero, aitorpen osagarriak zigorraren aringarri izango lirateke; baina aitorpenak zigor prozeduraren aurretik egin zituztenez, ez dute zigorrik jasoko, ez administratiboa, ez penala.

Espainiako Gobernuak Botin familiari aitorpen osagarriak egiteko aukera eman ez balio eta zuzenean zigor prozedura abiatu izan balu, zigorra oso gogorra izan zitekeen: urtebete eta bost urte arteko kartzela zigorra, iruzur egindako kopuruaren halako seiko isuna, eta bankari lanetan aritzeko debekua.

Emilio Botinek eta haren senideek esan du dute HSBCko kontuak aitak zabaldu zituela —Emilio Botin zena—, 1936an, Espainiako gerratik ihesi Suitzara joan zenean. Familiaren ondarearen zati handi bat eraman zuen.

Gobernuaren agindua

Botere politikoek eta judizialek beste kasu batzuetan ere egin izan dute Emilio Botinen alde. 1996an Maria Teresa Fernandez de la Vega Justizia estatu idazkariak estatuaren abokatuari agindu zion ez zezala auzitara jo Santander bankuaren kontra, maileguak lagatzeari buruzko ikerketan. Esku hartzea frogatuta dago: Rodrigo Rato Ekonomia ministro ohiaren defentsak aurkeztu zuen agiria epaiketa batean.

2002an Teresa Palacios Auzitegi Nazionaleko epaileak berriro zabaldu zuen maileguak lagatzeari buruzko kasua, Emilio Botinen eta Santander bankuko hainbat kontseilariren kontra. Agiri ofizialetan etenik gabe iruzur egitea eta Ogasun Publikoaren kontrako 30 delitu egitea leporatu zien.

Fiskalak kasua artxibatzeko eskatu zuen. Herri akusazioak bakarrik eskatu zuen ahozko epaiketa egiteko. Ondoren, Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak Emilio Botin ez epaitzea erabaki zuen, herri akusazioak bakarrik eskatzea ez zela nahikoa argudiatuta. Egunkaria auzia-n ez zuen irizpide hori aplikatu, eta epaiketa egitea erabaki zuen.

Auzitegi Nazionalak 2005ean ere auzipetu zuen Botin, Jose Maria Amusategiri eta Angel Korkostegiri hainbat milioi euroko ordainak emateagatik. Santander eta Central Hispano bankuek bat egin zuten 1999an. SCH sortu zuten. Bankua utzi zutenean —Botinen esku geratu zen botere guztia— Korkostegi lehendakariorde eta kontseilari ordezkariari 108,1 milioi euroko kalte-ordaina eman zioten; Amusategi lehendakarikideari 47,75 milioi eurokoa. Auzitegi Nazionalak esan zuen ordainketa egiteko ahalmena zutela, eta ez ziotela kalterik egin bankuaren akziodunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.