Maskarak

Bexen Medicalek 20 milioi maskara egingo ditu hilean Etxebarriko plantan

Mondragon taldeko enpresak 60 enplegu sortu ditu sei ekoizpen lerro martxan jarrita. Gaur inauguratu dute fabrika berria.

Bexenko behargin bat, maskara batzuk erakusten, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2020ko ekainaren 4a
17:00
Entzun

Euskal industriaren giharraren eta, zehazki, Mondragon taldearen «ezagutzaren, gaitasunaren eta eraginkortasunaren» adibide argia da Bexen Medicalek Etxebarrin (Bizkaia) martxan jarritako maskara lantegi berria; hala helarazi dute gaur goizean inaugurazioan parte hartutako arduradun publiko eta pribatuek. Mondragon taldeko ordezkariek bezala, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak ere arlo publikoaren eta pribatuaren elkarlanaren onurak azpimarratu ditu. Beste hainbeste egin du Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok ere. Defentsa Ministerioaren eskari zuzenarekin lotura baitu negozio berriak, gonbidapena eskertu du Itxasok. Madrilek maskara premia gorria zuen duela aste gutxi, eta Modragonek martxan jarri zuen bere «gaitasun osoa» soluzio azkar bat eskaintzeko. Enpresa berriaren etekina «diruz harago» doala esan du Itxasok.

Horiek horrela, hilean hamar milioi maskara egiten ari da Hernaniko (Gipuzkoa) Oiarso kooperatibaren adarrak Etxebarrin, Cikautxo kooperatibak utzitako instalazio egokietan, eta Mondragon Assemblyk konfinamendu asteetan Txinan diseinatu eta egindako hiru makinei esker. Hain zuzen, herenegun iritsi ziren beste hiru makina, eta Assemblyko langileak martxan jartzen ari dira haiek ere. Ondorioz, hamar milioi ez, baina hogei milioi izango dira Bexen Medicalek aste gutxi barru hilean ekoitziko dituen maskarak, kirurgia arlokoak, 2R motakoak; babes handienekoak dira kirurgia atalekoen barruan.

Epe luzeko proiektua

Espainiako Gobernua, Osakidetza eta Europako hainbat herrialdetako ospitaleak izango ditu bezero gisa aurrerantzean. COVID-19aren aurkako txertoa aurkitzen ez den bitartean, argi dago eskaera handia izango duela Bexenek; baina gero ere eskaera handia izango dela uste du Carlos Arsuaga zuzendariak. Alegia, ez da ireki eta ixteko proiektu bat, epe luzekoa baizik; «beste 42 urte segitzeko asmoa daukagu», esan zuen, Hernaniko enpresa orain 42 urte sortu baitzen.

Bexen Medicalek bere alde jarri du koronabirusaren krisia, baina salbuespena da euskal industriaren barruan, «enpresak eta pertsonak» asko sufritzen ari baitira, Tapia sailburuak onartu zuenez. «Ez da bakarrik gogotsu ibiltzeko garaia, gaitasunez eta eraginkortasun guztiarekin aritzekoa baizik», esan zuen, Mondragonek jakintza hori duela garbi utzita. EAEko industra ekoizpena %39 jaitsi dela jakin da asteon, «datu tristea, izugarria», Tapiaren arabera, eta, horregatik, elkarlan publiko-pribatuan sakontzeko garaia dela uste du: «Formula ezagutzen dugu; lehendik ere egin dugu, eta berriro egingo dugu; industria da gure ekonomiaren oinarria, eta horrela izan behar du aurrerantzean ere».

Tapiak alderaketa bat egin zuen euskal ekonomiaren krisi latza eta zulotik ateratzeko bideak irudikatzeko. Esplikatu zuen mendizaleak isildu eta hortzak estutzen dituztela aldapa gogorrak iristean, euskal enpresetan ere hortzak estutzeko garaia dela aditzera emanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.