BEZa, bilketaren salbatzaile

'Rover auziari' eta balio erantsiaren gaineko zerga tasaren igoerari esker gaindituko dute ogasunek iaz ezarri zuten aurreikuspena

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Zerga bilketaren hazkundeak protagonista bakarra du: balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ). Tasa horren bidez lortutako diruari esker, 2010. urterako ezarri zituzten aurreikuspenak gainditzea espero dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek, beste zerga batzuetan kalkulatu zutenak huts egin ondoren. BEZaren bidez bildutako dirua %28 haziko da aurten, iazko emaitzekin alderatuz gero.

Urteko bilketaren itxiera kalkulatu eta hurrengo urtera begirako aurreikuspena egiteko ohiko bilera egin zuen atzo Finantzen Euskal Kontseiluak. Bilerak garrantzi berezia du, hor zehaztutako diru kopuruetan oinarritzen direlako Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak hurrengo urteko aurrekontuak prestatzeko. Aurreikuspena txiki geratuz gero, kontuak orekatzea ariketa korapilatsua bihurtzen da.

Eta aurtengo kontuen salbatzailea, oraingoz, BEZa izan da. Zerga horretan iazko Finantzen Kontseiluan ezarri zena baino 714 milioi gehiago eskuratzea espero dute ogasunek. Gainera, iazko aurreikuspena gainditu duen zerga bakarra da. Errenta zergak gora egin du, baina kalkulatu zenetik urrun geratuko da -183 milioi gutxiago-, 400 euroko kenkaria zergapeko batzuentzat ezabatu bazen ere. Sozietate zergaren erorketa, berriz, espero zena baino handiagoa izango da, eta 22 milioi euro gutxiago bilduko ditu.

Bi arrazoik azaltzen dute BEZaren igoera aparta, batez ere, eta bietako batek ere ez du EAEko ogasunen ohiko jardunarekin zerikusi zuzenik. Alde batetik, Rover auzia behin betiko kitatzeko Arabari zor zion dirua itzuli du Espainiako Ogasun ministerioak: 297 milioi euro.

Bestetik, BEZaren tasaren igoera indarrean dago joan den uztailetik, Espainiako Gobernuak erabakitakoari jarraituz. Igoerak kontsumoan izango zuen efektuari buruzko zalantzarik balego, uztail arteko zerga bilketak erantzun egokia eskaintzen du: ordura arte %44 hazi zen, herritarrek erosketa handienak aurreratzea erabaki zuten seinale.

Arlo fiskalean egindako aldaketek eta Rover auziko diruak bilketari lagundu diotela aipatu zuen Carlos Agirre Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, baina, haren irudiko, «ekonomiaren hobekuntza» izan da bultzatzaile nagusia. Kontseiluan hitzartu zena azaltzeko, agerraldia egin zuen Agirrek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin batera.

Orotara, zerga itunduen bidez 11.800 milioi eskuratuko dituzte hiru ogasunen artean. Iazko kopuruekin alderatuz, %9,3ko hazkundea da. Aurrekontuak prestatzeko erabili ziren kontuetan baino 425 milioi euro gehiago dira, halaber. Diru horretatik gehiena Jaurlaritzaren eskuetan geratuko da. Soberakinak baleude, horiekin inbertsio produktiboa lehenetsiko dutela agindu du Lopezen gobernuak, zorpetze mailaren murrizketaren aurretik.

Datorren urterako, ados

Bileraren atarikoetan, ezohiko mugimenduak gertatu dira. Hasiera batean ekintza teknikoa baino ez zenak - bilketa kalkulatzea eta aurreikustea - kutsu politikoa hartu du. Adostasun bila, asteburu osoa «telefonoari eskegita» igaro zutela ziurtatu zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Ogasunen arloa gainditu dute negoziazioek, eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ere esku hartu du, gobernuko koordinatzaile karguan.

Esan bezala, ondorioak ditu kontseilutik ateratzen den kopuruak. Prebisioa apalagoa bada, eskura diru gutxiago izango dute gobernuek aurrekontua prestatzeko, eta, baliabide gutxiagorekin, posible da zorpetzera berriro jo behar izatea.

Lopezen gobernuari baliabide gutxiago uzteko aurreikuspenetan zuhur jokatzeko asmoa zutela ukatu zuten aldundietako buruzagiek. «Ez dago irizpide zekenik, aurreikuspenak ahal bezain beste fintzeko ardura baizik», Bilbaoren arabera. Arazoak arazo, Finantzen Kontseiluko itunak zerga bidez bildutako sosak 2011 urtean ia %6 haziko direla zehaztu zuen. 12.500 milioi euro dira, baina, hala ere, kopurua 2006an biltzen zenaren azpitik jarraitzen du. Aldundiek Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena ere finkaturik geratu da: gobernuak 447 milioi euro gehiago izango ditu gastatzeko heldu den urtean.

Ez da urteko azken Finantza Kontseilua izango. Enplegu politika aktiboen eskumena iristen bada, aldundiek egindako ekarpena doitu beharko da berriro; baina aldaketek ez dute efekturik izango baliabideen banaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.