Abuztua bere hondarrean dago, eta asko oporretako maletak desegiten arituko dira. Astelehena lanera itzultzeko eguna izango da, baina aurtengo itzulera aurreko urteetakoa baino gogorragoa izango da. Izan ere, irailaren lehen egunarekin batera BEZak gora egingo du, pasa den uztailean Mariano Raxoi Espainiako presidenteak aurreratu zuen bezala. «Espainiarrek ezin dugu erabaki sakrifizioak egin ala ez; ez dugu askatasunik», esan zuen egun hartan. Askatasun ezaren aurrean ahalegin berezia egiteko garaia iritsi da.
Baina igoera hori ez da bakarrik irailetik aurrera egingo diren erosketetan sumatuko. Irailean ordaindu beharreko fakturetan ere sumatuko da BEZaren igoera. Besteak beste udan zehar egindako, argindar, gas, ur edo telefono kontsumoei zeharkako zergaren hazkundea ezarriko zaie. Egoera horren aurrean gehiegikeriarik eman ez dadin, Espainiako gobernua «adi» egongo dela esan du. Besteak beste, ordaindu beharreko fakturak hilero iritsi ohi diren egunetan bidaltzen diren edo ez begiratzea komeni da.
Baina prezioen gorakada sumatzeko ez da bihar arte itxaron beharrik izango. Espainiako Estatistika Institutuak aste honetan aurreratu duenez, Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) bost hamarren egin du gora abuztuan, eta %2,7an kokatu da. 2010eko abenduaz geroztik KPIak izandako hazkunderik handiena. Eta horrek zer esan nahi du? Prezioek gora egin dutela abuztuan zehar, BEZaren igoerari itxaron baino lehen. Era horretan, prezioen hazkundea disimulatu nahi izan dute zenbait merkatarik. Orokorrean, indize horrek behera egiten du abuztuan.
BEZak gora egingo du bihar, baina igoera hori «behin behinekoa» izango dela espero du Espainiako gobernuak. Baina azken urteetan beste ere hazkunde bat ere egon da. 2010ean, espresuki, Jose Luis Rodriguez Zapaterok zuzentzen zuen gobernuak %16tik %18ra igo zuen tasa orokorra, eta %7tik %8ra murriztua. Hartan, PP oposizioan zegoen, eta aurkako jarrera azaldu zuen, orain PSOEk egiten duen bezala. Kontuak kontu, 2010eko igoerarekin familia bakoitzak urtean bataz beste 354 euro gehiago gastatu zituen; bihartik aurrera, bataz beste 470 euro gehiago ordaindu beharko da.
Zeharkako zergaren hazkundea ezberdina izango da sektore batetik bestera. Orain arte bezala hiru BEZ mota egongo dira: supermurriztua (%4), murriztua (%8tik %10era), eta arrunta (%18tik %21era igoko da). Baina sektore batzuk supermurriztutik arruntera igaroko dira, baita murriztutik arruntera ere. Erabiltzaileek azken horietan sumatuko dute alderik handiena.
1. %4tik %21era
Liburuen trukean BEZ supermurriztua ordaintzen jarraituko den arren, aldaketa nagusia eskolako materialetan sumatuko da. Arkatzak, agendak, koadernoak eta beste hainbat produktu tasa supermurriztutik orokorrera igaroko dira. Eskolako kanpaina, gainera, orain da hastekoa eta zenbait paper dendek zergaren igoera euren gain hartzeko erabakia adierazi dute. Baina unean uneko neurria izango da, ezingo baitiote luzaroan eutsi BEZaren halako igoerari.
2. %8tik %21era
BEZ murriztuak ere gorakada izango du bihartik aurrera. Baina tasa orokorrera pasatuko dira hainbat produktu eta sektore. Ondorioz, euren prezioek 13 puntuko hazkundea izango dute. Horien artean daude, esaterako, zinema, zuzeneko ikuskizunak, ile apaindegiak, hileta zerbitzuak, gimnasioak, lore dendak eta pixoihalak. Zenbait sektorek dagoeneko euren aurkako jarrera erakutsi dute. Esaterako, Arabako ile apaintzaileek salatu dutenez, lurralde historikoan 300 lanpostu inguru desagertuko dira.
Kulturaren arloan ere hainbat adierazpen egin dituzte igoeraren aurka. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkartearen (OCU) esanetan, kulturan bataz beste 62 euro gehiago gastatuko da urtean. Kultura arloko artisten esanetan, sektoreari kalte handia egingo dio honek guztiak.
3. %8tik %10era
BEZ murriztuan geratzen diren sektoreek igoera leunena izango dute, %2koa. Tasa murriztuan geratuko dira aurrerantzean eraldatutako elikagaiak, elikagaiak (haragia eta arraina) garraioa, turismoa, kosmetika, optikak edota bingoak. Igoera horrek zeliakoei zuzenean eragingo die, eurentzat oinarrizkoak diren elikagaien tasa ere igoko delako, glutena ez duten oinarrizko elikagaiak supermurriztuan dauden bitartean. Bestetik, ostalaritzako sektoreak ere sumatuko du igoera, urtean bataz beste 51 euro gehiago gastatuko baita bertako kontsumoan.
4. %18tik %21era
Produktu ugari tasa arruntera igaroko diren arren, lehendik ere bertan zeudenek ere igoera sumatuko dute. Horien artean daude Internet, telefonoa, liburu elektronikoak, etxetresna elektrikoak, arropa, informatikako produktuak, kotxeak, edari alkoholikoak, tabakoa etab. OCUren arabera, urtean 16 euro gehiago gastatuko dira alkohola eta tabakoa erosten; 42 euro arroparen truke; eta gasa eta argindarra 40 euro gehiago ordaindu beharko da. Egoera horren aurrean, erosle batek baino gehiagok aprobetxatu du hilabete hau erosketak aurreratzeko: kotxeak, arropa, edari alkoholdunak edo tabakoa.
BEZa igotzearen ondorioz, 470 euro gehiago gastatuko dute familiek urtean
Hainbat merkatarik abuztura aurreratu dute prezioen igoera, eta inflazioak bost hamarren egin du gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu