BEZ balio erantsiaren zerga jaisteak lanpostuak sortuko dituen itxaropenarekin, Europako Finantza ministroek (Ecofin) BEZ murriztua ostalaritzara zabaldu ahal izateko erabakia hartu dute. Horrenbestez, Iparraldeko taberna eta jatetxeetan nabarmen merkatuko dira prezioak, egun %19,5eko BEZa aplikatzen baita.
Orain eman beharreko pausoa BEZ hori zehaztea izango da. Ostalariek %5,5era jaistea nahi dute, egun kopuru hori baitauka BEZ murriztuak Frantzian. Patrick Devedjian plan ekonomikorako ministroa ere horren aldekoa da, zergak «ahalik eta txikiena» izan behar duela uste baitu enpleguan eragina izateko. Gobernuak, ordea, ez du horrenbeste jaitsi nahi: %10-%12an uztea ari da aztertzen.
2002tik aritu da Frantzia BEZ murriztua ostalaritzara zabaltzeko eskatuz, eta batez ere Alemania izan da horren kontra indartsuen agertu dena, aurrekontuei kalte egingo diela uste baitu.
Ostalaritzaz gain, estatuek aukera izango dute beste zerbitzu batzuetan ere BEZ murriztua aplikatzeko: eraikuntzan, etxebizitzen berrikuntzan, arropa eta oinetakoetan, bizikleten konponketan, etxeen eta kristalen garbiketan etaetxeetako artatze zerbitzuetan. Zubietako ordainsariak ere zerrenda horretan sartzea lortu du Portugalek.
Espainiak ez du aplikatuko
Ecofinek irekitako atea itxi egin du Espainiak. Pedro Solbes Ekonomia ministroak baztertu egin du BEZ murriztua sektore horietan aplikatzeko aukera: «Printzipioz, ez dugu asmorik BEZarekin zerikusia duen ezer aldatzeko, ekonomia arrazoiak direla-eta beharrezkoa ez baldin bada behintzat». Funcas Espainiako Aurrezki Kutxen Fundazioaren eskaerari ere ezezkoa eman dio Solbesek; alegia, igo ere ez du egingo BEZa. «Ez dut uste BEZa igotzeko garairik onena denik», esan du.
BEZa jaitsi egingo da Iparraldeko jatetxeetan eta tabernetan
Ostalaritzan BEZ murriztua aplikatzeko baimena eman dio Europako Batasunak Frantziari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu