Espainiako Gobernuak irailaren 1etik aurrera igoko du BEZa, Cristobal Montoro Ogasun ministroak gaur Madrilen esan duenez. Mariano Raxoi (PP) gobernuburuak asteazkenean iragarri zuen BEZ arrunta %18tik %21era igoko dutela, eta murriztua %8tik %10era (elikagai gehienek, garraioak, ostalaritzak, kultur ekitaldiek edo ileapaindegiek ordaindutakoa).
%4an geratuko da BEZ supermurriztua, oinarrizko elikagaiei, liburu edo egunkariei, eta babes ofizialeko etxe berriei ezartzen dietena.
PSOEren gobernuak duela urtebete BEZ arrunta %16tik %18ra eta murriztua %7tik %8ra igo zuen.
Beste hainbat neurriren berri ere eman zuen Raxoik herenegun. Besteak beste, ohiko etxebizitzaren mailegua pagatzeagatik jasotzen den zerga kenkaria ezabatuko du gobernuak, eta Montorok baieztatu du hori urtarriletik aurrera kenduko dutela. Hego Euskal Herrian horren gaineko eskumena diputazioek eta Nafarroako Gobernuak dute, eta PSOEren exekutiboak murriztu zuenean ere beraiek eustea erabaki zuten.