Beherapenen amaierak eta BEZaren igoerak eraginda, prezioak garestitu egin dira Hego Euskal Herrian. INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo eman zituen iraileko kontsumo prezioen indizeari (KPI) buruzko datuak. Urte arteko inflazioa %2,1ekoa izan da; hilabetean, aldiz, %0,2 garestitu dira salneurriak.
Igoerarekin kezkatuta agertu dira Confebask patronala eta Euskadiko CCOO eta UGT sindikatuak. Eurogunearekiko aldeak kezkatzen du enpresaburuen elkartea. «Diferentzia %0,3koa izan da irailean, eta azken hilabeteetan goranzko joera izan dute prezioek. Horrela jarraituz gero, gure produktuen lehiakortasuna gutxitu egin daiteke hurrengo hilabeteetan». Patronalaren esanetan, krisia gainditu ahal izateko beharrezkoa da prezioak ahalik eta gehien mugatzea.
CCOOk azaldu du herritarrek erosahalmenari eusteko dituzten zailtasunak erakusten dituela KPIaren gorakadak. Neurriak hartzeko eskatu die gobernuei. «Ekonomia suspertzeko neurriak jarri behar dituzte martxan, enpresei kreditua emanda eta soldatarik baxuenak dituztenen erosahalmena bermatuta».
Maribel Ballesteros UGTko ekintza sindikaleko idazkari nagusiak berritu gabe dauden lan hitzarmenak «berehala» berrikusteko eskatu du. Adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 49.000 langile daudela lan baldintzak berritu gabe, langileen %69, hain zuzen. «Euskadin sortzen den enplegua aldi batekoa da nagusiki. Horri gehituz gero lan hitzarmenetan soldatak ez direla igotzen, gero eta zailagoa izango da krisitik ateratzea», adierazi du.
Hego Euskal Herrian bezala, %2,1 hazi da inflazioa Espainian ere. Jose Manuel Campa Ekonomiako estatu idazkariak KPIa «normalizatzen» ari dela esan du. Hurrengo hilabeteetan bide beretik jarrituko duela dio. «Urte arteko tasa hurrengo hilabeteetan ere moderatua izango dela espero dugu, ez duela aldaketa handirik izango urtea amaitu artean».Ondasun iraunkorren prezioen egonkortasuna seinale ona dela nabarmendu du Campak.
Erregaien garestitzea
Produktuak, arropa eta oinetakoak garestitu dira gehien abuztutik irailera bitartean. Haien atzetik irakaskuntza eta tresneria daude. Uda amaieran ohikoa denez, aisialdia eta kultura dira gehien merkatu diren produktuak.
Urte arteko datuei erreparatuta, energia produktuak eta erregaien prezioek izan dute hazkunderik handiena. %11,1 eta %13,9 garestitu dira, hurrenez hurren. Hain zuzen, haiek eragin dutela KPIaren igoera adierazi du Campak.
BEZaren igoeraren eraginez, urte arteko inflazioa %2,2ra iritsi da irailean
Prezioen igoerarekin kezkatuta daudela azaldu dute Confebaskek, CCOOk eta UGTk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu