Espainiako Gobernuak baieztatu du argindarraren BEZa %21etik %10era murriztuko duela. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azaldu duenez, horrek eta argindar ekoizpenaren gaineko zerga eteteak argindarraren faktura %10 baino gehiago jaistea ekarriko du. BEZaren jaitsierak «etxe guztiei» eta autonomoen esku dauden enpresa eta saltoki txikiei eragingo die, betiere kontratutako potentzia 10 kilowattekoa baino txikiagoa bada.
Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egindako kalkuluen arabera, kontsumitzaile arrunt batek argindarraren fakturan hilean 6 euro inguru aurreztuko ditu batez beste (36 euro urtea amaitu arte); horri elektrizitatea sortzeko zergan ere egingo den murrizketa gehitu beharko zaio: %3-5ekoa kontsumitzaileen fakturan. Hiru hilabetez etengo dute zerga hori.
BEZaren jaitsiera, berriz, urtea amaitu arte ezarriko da. 10 kilowatteko potentzia kontratatua duten kontsumitzaile guztientzat izango da, baldin eta elektrizitatearen handizkako merkatuaren hileko prezioa orduko megawatt bakoitzeko (MWh) 45 eurotik gorakoa bada. Urtea amaitu arte behintzat hala izango dela diote etorkizuneko merkatuetako prezioek. Gaur, 82,94an dago batez beste. Kontsumitzaile kalteberen edo bonu soziala jasotzen dutenen kasuan, hala izango da kontratatutako potentzia edo merkatuko prezioa edozein dela ere.
Monterok onartu egin du zerga jaitsierek diru gutxiago biltzea ekarriko dietela ogasunei: 1.000 milioi euro inguru guztira, Airef Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen arabera. Kontu publikoak orekatzeko «beste doikuntza batzuk» egingo dituztela aurreratu du Monterok.
Osteguneko ezohiko Ministroen Kontseiluan onartuko du neurria gobernuak. Bozeramailearen arabera, urte amaieran aztertuko dute zer eragin izan duen, ordura arte argindarraren prezioan izandako eboluzioa kontuan hartuz. Monterok ez du adierazpenik egin nahi izan Podemosek BEZaren murrizketa iraunkorra izan dadin egindako eskaeraren inguruan, baina iradoki du ez dela horrela izango. Beste galdera bati erantzunez, ziur agertu da Bruselak erabakia «ulertuko» duela, «aldi baterako eta puntuala» delako.
Beste bide batzuk
Gobernuarentzat tabu moduko bat izan da orain arte argindarraren BEZa jaisteko aukera zabaltzea, baina beste aukerarik ez du izan azkenaldiko prezioen igoerek eragindako kritiken aurrean. Espainiak du Europa osoan BEZik altuenetako bat argindarrarentzat: %21ekoa. Gainera, ez du, beste herrialde batzuetan bezala, bereizketarik egiten kontsumitzaileen artean. Portugalen, esaterako, %23koa da, baina kontsumo apalagoak dituztenen kasuan, %13koa. Gauza bera Italian: %22tik %10ra. Alemanian %19koa da denentzat, eta Frantzian, %17,5ekoa.
PSOEk eta Unidas-Podemosek egindako gobernu akordioan azaltzen da argindarraren faktura murrizteko helburua, baina, neurri batzuk iragarri badituzte ere, ezinean dabiltza. Enpresen mozkinei heldu die, adibidez, hortik faktura murrizteko asmoz, %15 inguru bost urtean, eta bere diru sarrerak handitzeko.
Ekainaren hasieran bi neurri iragarri zituen. Batetik, nahi du energia konpainiek gobernuari ematea nuklearren eta berriztagarrien irabazien parte bat, «zerutik eroritako mozkinak» edo windfall profit deiturikoak. Hala esaten zaio konpainiek energia iturri horietatik merkaturatzen duten argindarrari ezartzen dioten CO2aren gainkostuari, nahiz eta isuririk ez eragin. Gobernuaren arabera, urtero 1.000 milioi euro bildu ditzake horrela, eta diru hori fakturako beste puntu batzuk merkatzeko erabili nahi du.
Adibidez, gutxitu egin nahi du kontsumitzaile arrunten fakturetan berriztagarrien sarietarako bideratzen den zatia, petrolio konpainien eta erregai fosilak erabiltzen dituzten sektoreen kaltetan, haiek jarri beharko bailukete gehiago. Bi egitasmoak, dena den, lege proiektu gisa aurkeztuko ditu, eta ibilbide zaila izango dute Gorteetan. Gainera, litekeena da energia konpainiek auzitara jotzea eta prozesua luzatzea.
Zer gertatzen da prezioekin?
Urtea hasi zenetik inoizko preziorik altuenetan dago argindarra. Hainbat faktore daude horren atzean, baina, bereziki, hiru. Batetik, sektorearen antolaketa eta energia iturrien mixa: funtsean, hiru enpresa handiren esku dago produkzioa, eta, azken batean, handizkako merkatuko prezioa ezartzea ere bai. Izan ere, oligopolio bat osatzea leporatzen diete Iberdrolari, Endesari eta Naturgyri, konpetentziarik ez dutelako ia, energiaren %60tik gora ekoizten baitute haiek, eta haien esku daudelako kontsumitzaileen kontratuen %60tik gora ere bai. Bestetik, horri bide ematen dion legedia dago.
Eta horri guztiari gehitu behar zaizkio gasaren eta CO2 emisio eskubideen nazioarteko merkatuak, zeinak duela sei hilabeteko prezioa halako bi garestiago dauden. Izan ere, osasun krisiak hobera egitearekin batera, jarduera ekonomikoa suspertu egin da, eta horrek eta egunotako beroaldiak argindar gehiagoren beharra eragin du. Hori asetzeko, produktoreek ez dute nahikoa energia iturri merke eta garbi (berriztagarriak eta nuklearrak), eta zikinagoak direnak jarri behar izan dituzte martxan, edo gehiago erabili behar izan dituzte: ziklo konbinatuko plantak edo termikoak. Horiek gasa behar dute funtzionatzeko, eta CO2 gehiago isurtzen dute. Espainiako merkatua, Europakoa bezala, marjinalista denez, ekoizteko garestiena den energiak ezartzen du beste guztien prezioa edo azken prezioa.