Zergak

BEZaren zergan 151.000 milioi euro gutxiago bildu ditu EBk

2015eko aurreikuspena baino %12,77 gutxiago bildu du, Europako Batzordeak ezagutzera eman duen txosten baten arabera. Iruzurrak eragin du galera handiena.

Pierre Moscovci komisarioa. SIMELA PANTZARTZI / EFE
xabier martin
2017ko irailaren 28a
08:07
Entzun

2014arekin alderatuta txikiagoa da aurreikuspenaren eta bilketaren arteko zuloa, baina Europako Batasunak arrakala handia dauka BEZaren zergaren bilketan berriro. 151.408 milioi euro gutxiago bildu ditu aurreikuspenak esaten zuena baino, %12,77 gutxiago. Hala eman du jakitera Batzordeak txosten batean. 2015ean, berriz, aurreikuspenak finkatutakoa baino 160.220 milioi gutxiago bildu ziren, %14 inguru gutxiago.

Batzordeak aitortu du biltzeari utzi dion kopuru horren zatirik handiena iruzurrak eragin duela; kopuru horren %36 ez da iristen ogasunera zergapekoen iruzurrarengatik, hau da, 54.500 milioi euro. Baina zerga ihesak, kiebrek eta kalkulu okerrek ere azaltzen dute zulo handi hori.

"BEZaren bilketa hobetzen ari den arren, falta den kopurua onartezina da oraindik", esan du Batzordeak ohar batean. Estatuen arteko alde handiak ere nabarmendu ditu. 28 kideen artean Errumania da zulo handiena daukana BEZean, %37,2; Eskovakiak (%29,4) eta Greziak (%28,3) eragin dituzte ondoren, zulo handienak. Aurreikuspena eta bilketaren arteko berdintasun handiena Espainiak eskaini du (%3,52); Kroaziak ere zulo txikia egin du (%3,9).

Herrialde gehienetan aurreikuspenaren eta bilketa errealaren arteko arrakala txikitu egin da, baina hainbat herrialdetan handitu egin da, esaterako, Belgikan, Danimarkan, Irlandan, Finlandian eta Erresuma Batuan. BEZaren atalean kaltetuen gertatu den ogasuna Italiarena da: 35.000 milioi euro gutxiago bildu ditu, %25,7 gutxiago.

Erreformaren atarian

Ekonomia handien artean, Alemaniaren zuloa %9,5ekoa da; Frantziarena %11,7koa; eta Erresuma Batuarena %10,9koa. Espainiak bere arrakala zenbat gutxitu duen deigarria da. Aurreko urteko zuloa erdiara txikitu du; soililk 2.500 milioi euro gutxiago bildu ditu aurreikuspena baino. BEZarengatik 68.589 milioi euro bildu ditu Madrilek.

Batzordearen txosten hau BEZaren erreformaren atarian iritsi da. Batzordeak EB osorako BEZaren doikuntza batzuk aurkeztuko ditu urrian, iruzurrari muga gehiago jartzeko. Egungo sistema 1993koa da, eta berritzea eskatzen du bilketa handitzeko helburuak. "Muga arteko iruzurra %80 txikitzea eragingo du erreformak, eta ogasunek hainbeste behar duten dirua berreskuratzea", esan du Pierre Moskovici Ekonomia komisarioak. Batasuneko estatuek bilioi bat euro biltzen dituzte BEZaren zergari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.