Hiriko merkataritza suspertzeko sortu zen Gasteiz On. Datorren lehia estuaz mintzatu zaigu Iñaki Martinez de Gereñu.
Zein da, egun, hiriko merkataritzaren egoera?
Aldaketa eta garapen bidean da. Ez zuen lehiarik, atea zabaldu eta jendea erostera sartzen zen. Etorkizuna ez da halakoa. Jarrera aktiboa behar da, marketineko ahaleginak egin, salmentak promozionatu eta bezeroei eusteko politikak abiatzea ezinbestekoa da.
Erronka berrietarako prest daude dendak?
Batzuk aspaldi ari dira prestatzen, baina batzuk ez. Ezin gara zain geratu, eta estrategiak garatu datorrena borrokatzeko. Gasteiz On horretarako dago, jendeari esateko badagoela hiriko merkataritza bat, beti izan dena eta izango dena, eta produktuen kalitateagatik ezaguna dena.
Zeintzuk dira bere abantailak eta galerak?
Tratu pertsonala eta produktuaren ezagutza oso handiak dira. Profesionala da, eta hori azalera handietan ez da asko gertatzen. Balore erantsi bat du: giroa. Kalera atera eta erosketa batzuk egitea erdigunean hiriaz gozatzeko bide bat da. Ifrentzuan aparkalekuen urritasuna dago. Udalak ezin du merkataritza bi eratara neurtu: kanpoaldeko gune handiek aparkaleku erraldoiak dituzte, eta hirian ere lurrazpiko aparkalekuak behar ditugu.
Bezeroaren buruan dago mertalgune handiak merkeago direla.
Hori ez da egia, eta ezta ere azalera handietan denbora aurrezten duzunik. Arrazoi funtsezkoa dago: dirua gastatu dezazun eraikita daude eta premiazkoena amaieran dago, sartu eta barruan ahalik eta denbora gehien egon zaitez.
Batzuk hasi dira pertsiana jaisten.
Ez da azalera handiak datozelako. Harreman gehiago du alokairu garestiekin eta kale batzuen arrakasta eta porrotarekin. Gerta liteke, baina momentuz ez da hala.
Guztientzako tokia dago?
Beharko luke. Ikerketek diote 60.000 biztanletik gora azalera handiak errentagarriak direla, baina Gasteiz arraroa da, ez dute beren tokia lortzen. Gainera, Europan atzera doa merkatal gune erraldoien kultura eta jendera hirigune historikoetara itzuli da.
«Bezeroei eusteko politika garatzea ezinbestekoa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu