Europako Batzordeak baztertu egin du eurogunea bi abiadurakoa izatea. "Garrantzitsua da gure artean bereizketarik ez izatea", esan du Pia Ahrenkilde batzordeko bozeramaileak prentsaurrekoan, Bruselan. Haren arabera, arazo larrienak (langabezia, zor publikoa...) dituzten herrialdeak ez dira besteengandik aparte utzi behar, eta "erabateko integrazioa" bilatu behar da.
Europako Batzordeak jakinarazi duenez, hurrengo urtean ere deus gutxi haziko da ekonomia eurogunean eta Europako Batasuneko gainontzeko herrialdeetan. Gaur eman dituen datuen arabera, %0,5 eta %0,6 soilik haziko da, herrialdearen arabera.
2012ra begira argudiatu du merkatuarekiko batere konfiantzarik ez dagoela eta horrek eskariari zuzenean eragiten diela kontsumo publikoari (murrizketen eraginez) eta pribatuari.
Batzordeak esan du 2013. urtean hasiko dela ekonomia gehiago hazten, eta %1,3 eta %1,5 artean egingo duela.