Borondatea eta batasun sindikala. Bi elementu horiek ezinbestekoak dira lan erreforma indargabetzeko. Hala uste du Jabi Amorrortuk, LABek Cementos Lemonako langile batzordean duen ordezkariak. «Lan erreforma mahai gainean dagoenean, alde guztien borondatea behar da», eta hori ez dagoenean, batasun sindikalaren indarra da garrantzitsua, haren ustez.
Cementos Lemonak 123 langileri lanaldia 161 egunez eteteko erregulazio dosier bat aurkeztu zuen urtarrilean. Porlan eskariaren jaitsiera jarri zuen arrazoitzat. Baina orain espedientearekin mehatxu egin zuena beste muturrera pasatu da. Langileek bat egin zuten eta enpresarekin ados jartzea lortu zuten martxoaren 22an. KPI kontsumo prezioen indizea adinako soldata igoera, hitzartutako soldatak pagatzeko enpresaren konpromisoa, ultraaktibitateari eustea eta antolaketari eragiten dioten zenbait berrikuntza lortu dituzte langileek. Lan erreformak jasotzen ez dituen neurriak guztiak ere. Okerrena, 2012arekin batera bukatuko dela itun horren indarraldia.
Baina lan erreforma indarrean dago. Enpresak beteko al du adostutakoa? «Baietz espero dugu. Jakitun gara beste neurri batzuk etorriko direla. Beraz, zain egon beharko dugu», dio Amorrortuk. Hala ere, uste du lortu duten hitzarmenarekin egoerari aurre egin ahal izango diotela.
Atzerriko merkatuetan badu esperantza Cementos Lemonak. Baina Amorrortuk dio badaezpada adi egongo direla, FCC multinazionalak kontrolatzen duen zentrala izaki «interesen arabera jokatzen» duelako.
«Giharrak indartzen»
Enpresa berriz ere normaltasunera itzuli da. Martxan dago, eta bertako langileak «ilusioz» daude. Amorrortuk dio lan erreforma martxan jarri zutenean, ordea, jendearengan beldurra sumatu zuela. «Ez da momenturik onena borroka sindikalerako, baina denok bat eginda aukerak badaudela erakutsi dugu». Hainbat neurri lege bidez sartuko direla dio. «Baina beste kasu batzuetan bi aldeen borondatea beharko da, eta hor daukagu aukera borrokatzeko».
Laster, berriz hasi beharko dute borrokan, 2013. urterako lan hitzarmena negoziatzeko. «Oraingo borroka honekin giharrak indartu ditugu». Orain lortutako baldintza horiekin jarraitzea bermatzen saiatuko dira. Borondatearekin eta batasun sindikalarekin lortu beharko dute.
Bi aldeen borondatearekin
Cementos Lemonan, erregulazioa izan zuten mahai gainean; orain, berriz, soldata igotzea lortu dute. Lan erreformari aurre egin dakiokeela erakusten du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu