Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak aurkeztu ditu, Bilbon, hegaluzearen kanpainari buruzko datuak. Aste amaierarako 500.000 kilo arrantzatzea espero dute, eta denboraldi amaierarako, berriz, 3,5 milioi kilo; alegia, iazko denboraldiko kopuru bera.
Hegaluzearen kontsumoa sustatzea du helburu kanpainak, eta, horretarako, osasunerako dituen onurak eta arrantzaleen lana nabarmenduko dute. Orozek dei egin du hegaluzearen "bitaminak, elikagaiak, omega hirua eta kolesterol ona baliatzera".
Udalerrietako merkatuen garrantzia ere izan du hizpide; horiek dira, Orozen ustez, "garaiko produktu freskoak erosteko erreferentziazko lekuak". Argudiatu du merkatuetako langileek "lehen eskutik" ezagutzen dituztela produktuen onurak, eta administrazio publikoei eskatu die lanean jarrai dezatela bertako produktuak eta arrantzaleen lana "duintzeko".