Hiru egun eman dizkie Espainiako Gobernuak lan merkatuaren erreforma negoziatzen ari diren gizarte eragileei. Astelehenerako akordio oinarri zabala aurkezten ez badiote, Raxoiren exekutiboak bere kabuz onartuko du moldaketa. Asteburuan hartu-emanekin jarraitzeko borondatea adierazi dute Espainiako patronalak eta sindikatu nagusiek, baina gai erabakigarrietan ez dago akordioaren zantzurik.
Aste barruan hainbat alorretan egin dituzten aurrerapenak jakinarazi dizkiote negoziatzaileek gobernuari, baina hitzartu den eduki «mugatua» ez dela «aski» ohartarazi zien atzo Soraya Saez de Santamaria gobernuko presidenteordeak, Ministro Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian. «Eragileek asteburua dute akordioa lortzeko, astelehenean amaituko zaie epea».
Nolako erreforma nahi duen argitzeari uko egin zion Saez de Santamariak, negoziazioak baldintzatu nahi ez dituela argudiatuta. Edonola ere, Langileen Estatutuan aldaketa sakonak egiteko prest daude popularrak. Hitzarmena egon edo ez «Espainiak behar duen erreforma» egingo dela ziurtatu zuen presidenteordeak.
Gutxieneko adostasuna sei esparrutan lortu du CEOE patronalak UGT eta CCOO sindikatuekin. Erretiro aurreratuak babesteko, jaiegunak astelehenetara pasatzeko, absentismoari aurre egiteko neurriak martxan jartzeko eta lan gatazkak epaitegitik kanpo konpontzeko akordioak izan dira. Gobernuak ez du bermatu errespetatuko dituela.
Kontratua, giltza
Kontratuen izaeran eta kalte-ordainak finkatzerakoan kale egin dute negoziatzaileek. CEOE patronalak kontratu oso malgua exijitu du, kalte-ordain txikiago batekin. Hamabi eta hogei lanegun bitarteko kalte-ordaina duen kontratu bati buruz hitz egin da, kaleratzea bidezkoa edo bidegabea den arabera. Sindikatuek ez dute neurri hori babestu. Kontratu mugagabe batzuk partzial bihurtzeko aukera aztertu dute, krisi egoeran lanpostuen galera mugatzeko alternatiba modura.
Azken orduko ezusterik ez badago, Fatima Bañez Lan ministro berriak erabaki beharko du zer egin.
Bi egun erreforma adosteko
CEOEk eta sindikatuek asteburuan ez badute akordiorik lortzen, «behar den erreforma» egingo du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu