Bi eguneko greba hasi dute Nafarroako eta Arabako gasolindegietan

CCOO eta UGT greba deialdia egin duten sindikatuen erabera Nafarroan %35eko jarraipena izan du deialdiak eta Araban, berriz, %60-%70 bitartekoa izan da. ELA eta LAB sindikatuek ez dute deialdiarekin bat egin. Izan ere, ez daude ados estatuko negoziazio esparruarekin.

2006ko azaroaren 7a
16:07
Entzun
CCOO eta UGT sindikatuek emandako datuen arabera, greba deialdiak jarraipen zabalagoa izan du Arabako gasolindegietan Nafarroan baino. Araban grebaren lehen egunean %60-%70 bitarteakoa izan da jarraipena. Agustina Plaza Fernandezek (UGT) eta Marcial Rotetak (CCOO) greba deialdiak Araban izan duen "arrakasta" azpimarratu dute. Araban 300 bat lagunek egiten dute lan gasolina zerbitzuguneetan eta horietako batzuk itxita egon direla azaldu dute. Hala ere, ez dute eman lanik egin ez duten gasolindegiei buruzko zenbaki zehatzik eman.

Nafarroan, bestalde, gasolina zerbitzuguneetan behar egiten duten 780 langileen %35ak egin du greba. CCOO eta UGT sindikatuen ustez, "gehiegizko zerbitzu minimoek" eragin dute jarraipen baxua. Izan ere, gasolindegiko langileen %45ak bete behar ditu gutxieneko zerbitzu horiek. Nafarroan 170 gasolindegi daude eta Espainiako Industria Ministeritzak ezarritako gutxiengo zerbitzu horiek 37tan dute eragina.

BERRIA.INFOk jakin ahal izan duenez, Iruñeko Pio XII.kaleko gasolindegian, Gipuzkoa etorbidekoan eta Nafarroa etorbidekoan normaltasunez ari dira lanean. Ez diote greba deialdiari erantzun eta BERRIAri azaldu diotenez, nahiago dute Nafarroako lan hitzarmen bat, Gipuzkoan eta Bizkaian bezala.

Biharko ere deituta dago greba

Tentuz ibili beharko dute gaur eta bihar gidariek Araban zein Nafarroan, bertako gasolina zerbitzuguneetan CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dutelako. Izan ere, ez dute akordiorik lortu Espainiako sektoreko patronalarekin. Gipuzkoan eta Bizkaian ez du eraginik izango.

Espainiako sektoreko patroalekin bildu dira estatu hitzarmen bat negoziatzeko, baina akordioetara iritsi ez direnez, gaur eta bihar greba eginen dute Araban, Nafarroan, Espainian eta Katalunian. Gipuzkoan eta Bizkaian langileek sektoreko hitzarmena dute, eta estatuko negoziazio esparruarekin ados ez direnez ez ELAk ez LABek ez dute bat egingo deialdiarekin.

Gaur, ordea, ez dira gasolina zerbitzugune guztiak itxita izango, Espainiako Gobernuak zerbitzu minimoak ezarri dituelako. Araban, Gasteizen N-1 errepidera ateratzeko Armentia Gaina kaleko zerbitzugunea, Alibarra kalekoa eta Huetos etorbidekoa irekita egongo dira. Baita Agurainen N-1 errepidekoa, Laguardiakoa, Amurriokoa eta Lizarrara bidean Santikurutze Kanpezukoa ere.

Nafarroan, Iruñeko Zaragoza etorbidekoa eta Landaben industrialdekoak, Noainen N-121ekoak, Lizarran Iruña etorbidekoak, Altsasun autobidekoak, Etxarri Aranatzen Zumurdiñeta industrialdekoak, Gorritikoak, Huartekoak eta Atarrabiakoak, besteak beste, zerbitzu minimoak izango dituzte.

UGT-K «ESKIROL» DEITU DIO ELA-RI. UGTk salatu du exekutiboak ezarritako zerbitzu minimo horiek «gehiegizkoak» direla, eta langileen greba eskubidearen aurka egiten duela. UGTren arabera, zerbitzu minimoak langile gehien eta sindikatuek ordezkaritza gehien dituzten zerbitzu guneetan ezarri dituzte. Era berean, deialdi horren aurrean ELAri «eskirol hutsaren» jokabidea izatea eta patronalari «lan zikina» egitea egotzi dio. Euren iritziz, kanpaina aktiboa egiten ari dira langileek grebarekin bat egin ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.