Bi enpresa falta dira Bizkaiari opor fiskalak itzultzeko

Dagoeneko 24 sozietatek ordaindu dute aldundiak zergetan barkatu zien dirua

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Joan den mendeko azken hamarkadan Bizkaian zerga pizgarriak jaso zituzten enpresei bukatu zaie diru hori itzultzeko epea. Hala egin dute dagoeneko 24k, eta jaso beharreko diruaren %77 jada Foru Aldundiaren kutxetan dago, 68 milioi euro hain zuzen ere. Bi enpresak, ordea, oraindik hogei milioi dituzte itzultzeko.

Juan Maria Aburto aldundiko bozeramaileak iragarri du borondatezko epean dirua pagatu ez dutenez haien aurkako prozedura hasi dutela. Zein enpresa diren eta zergatik ez duten pagatu ez du azaldu Aburtok; Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak egingo du, Batzar Nagusietan.

Opor fiskaletan enpresei barkatutako diru guztia itzulita, aldundien aurkako isuna gehiago ez hazteko helburua zuen Bizkaiak. Arazoa da isuna berez Espainiari jarri diola Europako Batzordeak, eta, hortaz, Gipuzkoak eta Arabak ere dirua itzuli arte ezingo dutela isunaren hazkundea geratu. Gipuzkoak jada hasi du prozesua, baina diskrezio handiarekin. Arabak, berriz, ezetz dio, ez diela dirua eskatuko enpresei Europako Justizia Auzitegiak gaiari buruzko azken epaia eman arte. Bruselak dio enpresek zergetan aurreztutako diru guztia itzuli behar dutela, baina aldundiek argudiatu dute diru laguntzaren zati bat legezkoa dela, beste batzuek ere ematen zutelako.

Aldundiek isuna ordaintzen ez duten egun bakoitzeko 25.000 euro gehitzen zaizkio aurreko kopuruari. Isunaren kontagailua 2006ko abenduaren 14an zenbatzen hasi zenetik, dagoeneko 46 milioiko zigorra gehitu dute diputazioek. Azkenean, auzitegiak arrazoia EBri ematen badio, egun horretatik aurrera egunero 236.000 euroko isuna gehituko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.