Kiskalita geratu dira bi eraikinak, eta horrez gain, ibilgailu bat eta barruan zeuden hainbat tresna ere kaltetu dira. Han zeuden abereak, berriz, onik daude.
Lizarrako eta Lodosako suhiltzaileak bertaratu dira sutearen tokira, eta suhiltzaile bat Lizarrara eraman behar izan dute anbulantzian, ustez desidratazioagatik.
Herrigunetik 200 metrora daude bi eraikinak. Sutea zerk eragin duen ikertzen ari dira.
Sutea Gasteizen
Gasteizko egur enpresan goizaldeko 4:45ean piztu da sua, makina batean, eta bederatziak inguruan itzali dute Gasteizko suhiltzaileek. Jundizko industriaguneko egur enpresa batean gertatu da. Lehen hipotesien arabera, ez da nahita eragindakoa izan.
Une horretan ez zegoen langilerik lanean, eta beraz, ez da inor zauritu. Inguruko lantegietara ere ez da zabaldu. Alabaina, lantegian bertan kalte material handiak izan dira. Suhiltzaileak ingurua zaintzen ari dira orain, sua berriz piztea saihesteko. 500 metro karratu ingurukoa da enpresa.
Maiatzean Jundiz industriagunean bertan beste sute bat izan zen. Papera birziklatzen duen Escor enpresaren sei pabiloi erre ziren.