EKONOMIA

Bi erakunde arduratuko dira bankuen maileguak begiratzeaz eta haien benetako balioa neurtzeaz

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak jakinarazi duenez, etxegintzan izan daitezkeen galerak estaltzeko balio duten aktiboen %30 estalita eduki beharko dituzte bankuek. Kutxabankek eta Euskadiko Kutxak dirutza gorde beharko dute arau berria betetzeko. 

2012ko maiatzaren 11
19:06
Entzun

Luis de Guindos Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak adierazi duenez, bi erakunde arduratuko dira bankuen maileguak begiratzeaz eta haien benetako balioa neurtzeaz. Espainiako Ministroen Kontseilu osteko bileran eman du neurrien berri De Guindosek.

Merkatuak eta Europako Batasuneko beste bazkideak ez dira fio bankuek ematen dieten balioaz, eta horri leporatzen diote haiei buruzko kezka egotea. Horregatik, Espainiak "beharrezkoak diren neurriak hartuko" ditu, finantza sistemaren "sinesgarritasuna eta konfiantza" berriz ezartzeko, Soraya Saenz de Santamaria gobernuko bozeramailearen hitzetan. Lehen neurria: bankuek dituzten etxegintzako aktiboen benetako balioa neurtzeko eskatuko diete erakunde independenteei. 

Saenz de Santamariak azaldu duenez, erreforma berriarekin bankuek beren ekonomiaren onbideratzea handitu beharko dute, eta horrek kredituak berriro ematea ekarriko du; halaber, "etxebizitzen bidezko salneurria" ezartzen lagunduko duela esan du bozeramaileak.

Aldaketa nagusia hornidura generikoei dagokie, alegia, ustez arazorik ez duten etxegintzako aktiboetan izan daitezkeen galerak estaltzeko balio dutenak. Otsaileko dekretuarekin aktibo ez arriskutsu horien %7 estalita eduki behar zituzten bankuek. Orain, askoz gehiago eskatuko die gobernuak, ”zalantza guztiak uxatzeko”: %30.

Ekonomia ministroak zehaztu duenez, Espainiako bankuek 30.000 milioi euro gehiago baztertu beharko dituzte eskaerak betetzeko eta 2012 bukatu arte egin beharko dute. 

Kutxabankek eta Euskadiko Kutxak dirutza gorde beharko dute arau berria betetzeko. Kutxabankek dagoeneko eginda ditu otsaileko dekretuak exijitzen zizkion hornidurak: 650 milioi inguru.

Dirua aurtengo irabazietatik atera beharko dute bankuek. Horrek ekarriko du askok galerak izatea urtearen amaieran. Horiei laguntzeko diru publiko gehiago jartzeko prest dago Espainiako Gobernua. "Ez da laguntza publikoa", azaldu du Guindosek, maileguak direlako eta merkatukoak baino interes tasa handiagoak eskatuko zaizkielako. %10ekoa, zehaztu du Guindosek.

Zerga delituak

Kode Penala aldatzea onartu du Espainiako Gobernuak, zerga iruzurrari aurre egiteko; orain arteko 5 urteko kartzela zigorra 6 urtera luzatu dute. Halaber, arau-hauste larrienen preskripzio epea 5 urtetik 10 urtera luzatu dute.

Alokairuen Legea

Espainiako Sustapen Ministerioak alokatzeko etxebizitzen merkatua dinamizatzeko lege aurreproiektua aurkeztu du. 
Neurriek hiri-alokairuen segurtasun juridikoa malgutuko eta hobetuko dutela esan du, Espainiako alokairuen merkatua sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.