Askoren mina, tontoen atsegina dio esaera zaharrak. Politikariak ez daude ados, antza. Ohiko bihurtu da Gobernuetako kideek, beren egoera ekonomikoaren berri eman behar dutenean, okerrago dagoen batekin konparaketa eginez hastea. Atzo, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen txanda izan zen. Krisitik gainerako herrialdeak baino lehenago aterako direla esan zuen, eta horretarako Gobernuarentzat 2.650 milioi euro arteko kostua izango duen plana aurkeztu zuen.
Patronaletako eta sindikatuetako ordezkarietako kideekin egindako bileran, Frantziako langabezia tasa Espainiakoarekin konparatu zuen. «Han 500.000 lanpostu suntsitu ziren azken lauhilekoan, hemen baino bost aldiz gehiago». Ondoren, langabezian daudenentzat hainbat neurri iragarri zituen. Besteak beste, azken 28 hilabeteetan bi eta lau hilabete arteanlan egin dutenek 500 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute, behin. Apirilaren 1ean jarriko da indarrean neurria.
Langabezia partzialari dagokionez, soldataren %75 artekoa izango da, gaur egun %60koa da. Era berean, inbertsio sozialerako3.000 milioi euroko funtsa sortuko duela iragarri zuen. Enplegua sortzeko eta formaziorako izango da kopuru hori. Horren erdia estatuak hartuko du bere gain.
Familientzat laguntzak
Sarkozy ez zen ordea Espainiarekin bakarrik sartu. Barne Produktu Gordinak azken 35 urteetako atzeraldirik handiena izan duela onartu arren, Japonia, Erresuma Batua eta AEBen egoera okerragoa dela nabarmendu baitzuen. Frantziako presidenteak ez du nahi jaitsiera horrek premia handiena dutenei eragiterik.
Hala, irabazi gutxien dituztenei mesede egiteko zerga erreforma proposatu zuen. Urtean 5.852 eta 11.673 euroko irabaziak dituztenek 95 eta 460 euro artean aurreztuko dituzte errenta zergan. Familiei laguntzeko beste bi aukera ere iragarri zituen, bat edo bestea aukeratzeko: alde batetik, hiru ume dituzten familiek jasotzen duten laguntza bikoiztea planteatu zuen, gaur egun hilean 161 euro kobratzen dituzte; beste aukera,umeak eskolaratzean ematen diren laguntzak gehitzea izan zen. Laguntza behar duten adinekoentzat, umeak zaintzeko etxean geratu behar duten guraso batzuentzat edo etxez etxeko laguntzan aritzen direnentzat ere iragarri zituen laguntzak.
Bestalde, Sarkozyk «erantzukizunez» jokatzeko eskatu zien enpresaburu eta bankuetako zuzendariei. Enplegua erregulatzeko dosierrak aurkeztu dituzten enpresetako buruei eta laguntza publikoak jaso dituztenetakoei, kasu, aparteko ordain sariei muzin egiteko esan zien. Tentsio handiko bilera izan zen. Sarkozyk bezperan denak harrituta lagako zituela esan arren, sindikatuak ez ziren erabat ase proposamenekin.
Bi hilabetean lan egindako langabeek 500 euro arte jasoko dituzte Iparraldean
Gobernuarentzat 2.650 milioi euro arteko kostua izango duten neurriak aurkeztu ditu Frantziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu