Lan istripuak

Bi langile oso larri daude Nafarroan gaur izandako lan istripuengatik

Lodosako enpresa bateko sutean gorputzaren %40 erre zaio behargin bati. Noainen sei metroko altueratik erori da langile bat.

2007ko azaroaren 19a
19:21
Entzun
Bi langile oso larri daude gaur Nafarroan gertatu diren bi lan istripurengatik; Lodosan eta Noainen izan dira ezbeharrok.



Lodosan sutea izan da gaur goizean Inabonos enpresan, langileak beharrean ari zirela, eta hauetako hiru kide zauritu egin dira. 23 urteko lodosar langile bat oso larri dagoela esan dute medikuek. Iruñeko ospitale batera eraman dute, eta Zainketa Intentsiboetako Zerbitzuetan daukate, baina handik Madrileko erietxe batera eraman dute. Gorputzaren %40 errreta du, eta lehen eta bigarren graduko erredurak dauzka.

Beste bi langileak larri daude: batek -18 urte ditu- gorputzaren %25 erreta dauka eta besteak -34 urte- %15. Biak Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalera eraman dituzte.

10:35ean izan da ezbeharra. Dirudienez, enpresaren bigarren solairuan nahi gabe izandako eztandak sortu du sutea. Ongarritzeko gaiekin egiten dute lan lantoki hartan.

Nafarroako Gobernuaren suhiltzaileek eguerdian lortu dute sutea kontrolatzea eta amatatzea.

Noainen, berriz, 14:45 aldera langile bat sei metroko altueratik erori egin da, Tallutxe industrialdean BMVren biltegian, pintatzen ari zela, eta oso larri dago. Buruan du kolpea. Zauritutakoa -R.C.H.- espainiarra da (Torrelavega, Kantabria), eta 36 urte ditu.

Azpeitian (Gipuzkoa), Corrugados lantokiko langile batek hanka bat galdu du asteburuan izandako istripuan, lanean ari zela, Urola Kostako Hitzak dioenez. Beharginak astebete besterik ez zeraman han.

Ezbeharra salatzeko elkarretaratzea egin dute Corrugadoseko langileek gaur, 13:00etan, enpresaren sarrera nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.