EKONOMIA

Bi langiletik bat geratu da lan itunen babesik gabe

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ia 350.000 langileren lan itunak baliorik gabe geratu ziren gauerdian. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, horietatik %24k soilik igaro daitezke orain indarrean jarraitzen duen hitzarmen batera, Estatukoa kasu gehienetan.

Berria.info
2013ko uztailaren 8a
18:23
Entzun

Espainiako Gobernuak orain urtebete onartutako lan erreformak dio ultraaktibitateak urtebeteko muga izan behar duela gehienez. Hau da, itun bat amaitu ostean, asko jota hurrengo urtebetean bakarrik duela eragina, ez orain arte bezala, beste hitzarmen bat erdietsi arte. Horren arabera, iazko uztailaren 7az geroztik berritu gabe dauden hitzarmen guztiek ez dute baliorik atzo gauerditik aurrera. Lan erreformaren arabera, enpresa akordioek dute lehentasuna, eta baleude, estatuko itun kolektiboak ondoren. Ez baleude, langileen estatutua geratuko litzateke azken babes gisa. Gutxieneko soldata 645,30 eurokoa da hilero.

Lan Harremanen Kontseiluak azken datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 600.000 soldatapekoetatik 580.875ek arautzen zituzten beren baldintzak negoziazio kolektiboaren bitartez, eta 21.579k soilik ez zuten haren babesa (%4). Igande gauerdiaz geroztik, ordea, beste %60 batek galdu du oraingo itunaren babesa (348.665 langile), eta beste %16ek galduko dute abenduaren 31ean baldin eta haien itunak berritzen ez badira (93.459). Hortaz, lautik batek soilik dute indarrean eta berrituta dagoen itun bat (138.751 lagun). 

Lan erreformaren ondorioz, nagusitasuna izango dute aurrerantzean enpresako itunek, edo Espainiako itunek halakorik ez daudenean. Baina sektorekako itun espainiarrak ez dira hainbeste. Horrela, beren lurraldeko edo enpresako ituna galdu duten ia 350.000 langileetatik 80.205eri soilik (%23) aplika dakieke aurrerantzean Espainiako ituna —soldata txikiagoekin eta lanaldi luzeagoekin, kasu gehienetan—. Enpresako ituna galdu duten beste 3.893 langilek indarrean dagoen Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako itunetako bat aplikatu ahal izango dute (%1). Laburbilduz, langileen %47k ez dute gaur egun inongo itunen babesik (286.146 langile).

Ikusteke dago orain zer gertatuko den beren hitzarmena galdu duten langileekin. Lan baldintzei eutsiko dieten enpresak izango dira, Espainiako itunak ezartzen dituztenak, baita enpresako itunak egingo dituztenak ere. Inolako akordiorik ez balego ezarriko litzateke Espainiako Langileen Estatutua.

Nafarroan egoera desberdina da, lan itun gehienak berritu dituztelako, kasu gehienetan ELAren eta LABen babesik gabe. CEN patronak dio 2.000 langiletik behera geratu direla hitzarmenik gabe, nahiz eta beste iturri batzuek 16.000ra igo duten kopuru hori.

Azken ahaleginak

Lan itunen mugagabeko ultraaktibitatea errespetatzen duen sektore arteko ituna proposatu zion Urkulluk patronalari joan den ostegunean, eta Confebask eta sindikatuak batzartu ziren ostiralean. Hitzarmenak berritzeko azken saioek ere huts egin zuten, eta sindikatuek "gerra deklaraziotzat" jo zuten patronalaren jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.