Gaur eguerdian hasita ari dira epaitzen iaz Lezaman (Bizkaia) izandako istripuan hildako tren gidariaren heriotza salatzeko grebara deitu zuten Euskotreneko langile batzordeko kideak. Grebarako deialdi zuzena egiteko arauak ez zituzten bete enpresa zuzendaritzaren arabera, eta, horrenbestez, legez kanpoko lanuztea bultzatzea leporatzen diete.
Langile batzordeko ordezkariek argudiatu dute greba eguna ez zela izan ordukoa, lankide baten heriotzagatiko dolu eguna baizik. Langile batzordeak dio, gainera, bazutela horretarako baimena, enpresak emana. Euskotrenek onartu du langileekin hitzartu zuela ordubeteko geldialdia egitea, baina adierazi du ez zutela adostu egun osoko lanuztea egiterik. Langileek erantzun dute enpresaren erantzunak pentsarazi ziela bazutela baimena egun beteko protesta egiteko. Gainera, argudiatu dute beste aldi batzuetan ere egin izan direla horrelako protestak, eta horiek ez direla greba gisa izendatzen. Hartara, langile batzordeak eskatu du bertan behera uzteko ordezkariei ezarritako zigorrak.
Horren harira, bi orduko lanuztea egin dute langileek, 11:00etatik 13:00etara. Lanuzteak iraun bitartean, gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Euskotrenen zerbitzu guztietan izan du eragina lanuzteak. 11:00etan protesta hasi dute langileek Atxuriko geltokian, Bilbon. Segurtasun gehiago bai, errepresiorik ezdioen pankartaren atzean joango dira auzitegiaren atariraino, han epaituko dituztelako langileen ordezkariak. 12:30ean hasi da auzi saioa. Gainera, segurtasuna areagotzeko eskatzen ari dira langileak. Haien arabera, Euskotrenen izandako istripuetako asko saihestekoak ziren. Horretarako, eskatzen ari dira trenetan balazta automatikoa jartzeko.
Euskotreneko zuzendaritzaren arabera, langileen %36k egin dute greba. Hartara, betiere Euskotrenen arabera, ezarritako gutxieneko zerbitzuen bikoitza eskaini ahal izan dituzte.
EKONOMIA
Bi orduko lanuztea egin dute gaur Euskotreneko langileek
Euskotreneko langile batzordeko kideak epaitu dituzte gaur, iaz Lezaman istripuan hildako tren gidariaren heriotzagatik egin zuten geldialdiagatik. Deialdia egiteko prozedura egokiak ez betetzea, eta horrenbestez, legez kanpoko lanuztea egitea leporatzen diete. Langile batzordeak argudiatu du greba ez zela izan, dolu protesta baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu