Lan istripua

Bi orduko lanuztea egingo dute Ondarroan, sindikatuek deituta

ELA, LAB, Esk, Steilas, EHNE eta Hiru sikdikatuek bi orduko lanuztea deitu dute gaurko, eta 12:30ean manifestazioa egingo dute  

jarraia120716.jpg
Jon Fernandez.
2016ko martxoaren 15a
08:37
Entzun

Suhiltzaileak Ondarroako Santa Clara izoztegirako bidean dira, amoniako usaina zabaldu ostean, beste isuriren bat egon den edo ez egiaztatzera. Segurtasun neurriengatik jendea urrundu egin dute izotz fabrikatik.

Bien bitartean, Ondarroako Udalak osoko bilkura berezia egin du gaur, eta babesa eta laguntza eskaini diete bi hildakoen senitarteko eta lagunei. Gertatutakoa argitzeko beharrezkoa den guztia egingo dutela azpimarratu dute, eta bi eguneko dolua ezarri dute. Gainera, bat egin dute sindikatuek deitutako lanuztearekin. Izan ere, ELA, LAB, Esk, Steilas, EHNE eta Hiru sikdikatuek bi orduko lanuztea deitu dute biharko 11:30etik 13:30era, eta 12:30ean manifestazioa egingo dute.

Astinduta zeuden atzo arratsaldean Ondarroako portuan zeuden langile eta herritarrak. Ezbeharra ezbeharraren gainean pilatu dira herrian egun gutxian. Joan den astean luiziengatik 176 familia euren etxeetatik atera zituzten —hilabeteetan ezingo dira bueltatu—, eta atzo arratsaldean bi langile hil ziren portuko Santa Clara izotz fabrikan izandako leherketa baten ondorioz.

[Youtube]https://youtu.be/T6uRSEkmvd4[/Youtube]
Aritz Bergara portuko behargina izotz fabrikako atarian zegoen leherketaren unean, freskagarrien makinan lata bat hartu berri. «Trago bat hartu, eta irten naiz, eta justu kanpoan nengoela entzun da leherketa. Ez da zarata handi-handia izan, zarata sikua izan da. Kristalak atera dira hegan nire gainetik. Eta ke zuri-zuria atera da», azaldu zion atzo Bergarak BERRIAri, oraindik ere urduri. Eztanda baino lehen barruan ikusi zituen Alberto Badiola eta Jabi Elu izotz fabrikako bi beharginak, biak ondarroarrak. «Barruan zeuden biak, zer edo zer konpontzen. Eskailera gainean zegoen bat. Ez zegoen ez usainik ez ezer».

Leherketaren ostean, ordea, amoniako isuria gertatu zen, eta usain handia zabaldu zen, fabrikan bertan eta portu osoan. «Ahalegindu naiz sartzen, atea ere saiatu naiz irekitzen. Baina ezin zen. Ez zen ezer ikusten. Arnasa falta zitzaidan. Amoniako usain ikaragarria zegoen». Kanpoan arnasa hartu, eta berriro ahalegindu zen Bergara barrura sartzen. «Atea ireki nahi nuen, eta ireki dut. Barruan leherketarekin trasteak apurtuta ikusi ditut. Ez dut inor ikusi, baina banekien barruan zeudela, baita amoniakoak zer egiten duen ere. Ezin zen arnasarik hartu».

Lanera sartu berriak

14:45 inguruan gertatu zen leherketa, eta 14:00etan lanera sartuta zeuden bi langileak. Portuko behargin batzuk esplikatu zuten atzo goizean egon zela teknikaria izotz fabrikako mantentze lanetan. Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak ez zuen leherketaren arrazoiei buruzko argibiderik eman; azterketa egiteko lehenik fabrika eta gorpuak deskutsatu behar dituztela azaldu zuen. Nolanahi ere, SOS Deiak-en arabera, konpresore baten akats bat izan daiteke leherketa eragin duena. Atzo arratsaldean arrisku kimikoetarako bereziki prestatutako suhiltzaileak ibili ziren fabrika barruan ikertzen.

Toñak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak bat egiten duela senideen eta herritarren minarekin. «Joan den astean gertatutakoak gainean ditugu oraindik, eta orain gertatu dena gogorragoa da, hildako bi ditugulako». Ondarroarra izanik, Toñak ezagutzen zituen bi langileak. «Hemen denok ezagutzen dugu elkar. Ondarroako portua herriaren bizitza da, eta ondarroarrak portu barik ez gara inor, ezta ni ere, korbatarekin ibili arren». Izotz fabrikako beharginen prestasuna nabarmendu zuen sailburuak: «Portuan gero eta lan gutxiago dago izotz fabrikan, itsasontzi handiek euren izotza egiten dutelako. Baina euren zerbitzua edozein ordutan emateko prest zeuden beti».

Joseba Arrasate ere fabrika atarian zegoen leherketaren unean, orduantxe izotza hartu berri. Azaldu du amoniakoa erabiltzen dutela izotza egiteko, eta barruan «tanke eta makina pilo bat» dagoela. Bi edo hiru laguneko txandatan egiten dute lan izotz fabrikan zortzi-hamar langilek. Hildako langiletako bat LABeko ordezkaria zen. Sindikatuak lan istripua salatu du, eta gogora ekarri du urtea hasi zenetik Euskal Herrian hamalau behargin hil direla jadanik.

«Osasuna galtzea edo lan istripua izatea ez da lanaren ezaugarri bat, baizik eta lan eredu jakin baten emaitza ankerra. Hau eragotz zitekeen. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen ondorio dira», esan du LABek ohar batean. ELAk eta CCOOk ere salatu dute lan istripua, eta elkartasuna adierazi diete hildakoen senide, lagun eta gertukoei. Istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketari «berehala» ekiteko eskatu diote Osalani.

Leherketa gertatu eta denbora gutxira, Ertzaintzak izotz fabrikaren ingurua itxi egin zuen amoniako isuriagatik, eta suhiltzaileek laster kontrolatu zuten jarioa. Halere, babes hesia mantendu egin zuten fabrikaren inguruan, eta herritar dezente bildu zen ingurura. Hedabideetako langile ugari ere batu ziren, Kamiñalde kaleko mendiko luizien jarraipena egiten ari ziren asko, eta hura laga eta portura joan ziren denak. Portuan bildutako herritarren artean tristura eta ezin ulertua ziren nagusi. «Tonu bat jaitsita gaude herrian», zioen emakume batek. «Kalean igartzen da jendeak berba ere isilago egiten duela, joan den astekoa eta oraingoa dela eta». Udalak bi eguneko dolua ezarri du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.