Bi urte baino gehiago beharrik gabe daramate EAEko 41.700 langabek

Langabezian dauden 55.000 lagunek ez dute inolako laguntzarik jasotzen; estaldura txikiagoa dute emakumeek eta gazteek

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Epe luzeko langabeziaren arazoa azaleratu du berriro krisi ekonomikoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 41.700 pertsonek bi urte edo gehiago daramate dagoeneko lanpostu bat aurkitu ezinik. Enplegu zerbitzu publikoan erroldaturik dauden langabeetatik %30 dira. Langilerik helduenek dituzte beste enplegu bat lortzeko arazorik handienak: 55 urte baino gehiago dituztenetatik %58 epe luzeko langabeak dira.

Egailan sozietate publikoak lanik gabe dauden pertsonen ezaugarriei buruz egin duen txostena aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak. Joan den otsailean estatuko enplegu zerbitzu publikoek -INEM ohiak- argitaratu zituen datuetan oinarritu dira lehen argazki orokorra ateratzeko. Besteak beste, langabezia ordainen banaketari buruzko datu ugari biltzen saiatu dira.

Laguntza horien estalduran ñabardura asko daude. Hala, hamar langabetik seik laguntzaren bat jasotzen du. Zabalduena, lanean aritutako epean egindako kotizazioen arabera kobratzen den langabezia saria da. Ia %43k jasotzen dute. Epe luzeko langabeen kasuan, estaldura oso antzekoa da. Kasu horretan, ordea, langabezia sariak edo errenta bereziak dira nagusi. Oro har, ordain horiek kotizatutakoen azpitik egon ohi dira, nabarmen. Adinean aurrera egin ahala, langabezia saria jasotzen dutenak gehiago dira. Laguntza hori jasotzen dutenen batez besteko adina 46 urtekoa da.

Estaldura horrek bestelako mehatxu batzuk ezkutatzen dituela ohartarazi zuen Egailaneko zuzendariak, Javier Ramosek, Legebiltzarrean egindako agerraldi batean. Hala, laneratzeko gaitasun oso eskasa duten langabeak %11 besterik ez dira, baina langabezia saria edo errenta jasotzen dutenen ia %43 maila horretan sailkatzen dira. Bi urte baino gehiago lanik gabe daudenen kasuan, enplegua lortzeko aukera gutxi edo oso gutxi dutenak bi heren dira, 27.700 pertsona.

Txostenean, emakumeen egoerari buruzko ondorio interesgarriak eman dituzte. Hura egin zuten hilean, langabeen erdiak ziren emakumeak. Jakina da langabezia tasa handiagoa dutela, emakume gutxiago direlako aktiboak. Laguntza gutxiago eta eskasagoak eskuratzen dituztela ere azpimarratu dute. Hala, inolako ordainsaririk kobratzen ez duten emakume langabeak %46 dira. Etxeko jarduerak eta garbiketa -gehienak emakumeak- langabezia laguntza gutxien dituzten lanpostuak dira.

Emakumeetatik aparte, langabeziaren estaldura batez bestekoaren azpitik dago langabe gazteen eta atzerritarren artean. Elbarriak ere hor sartzen dira, baina, kasu horretan, baldintza are eskasagoak pilatzen dituzte. Oso gutxi dira langabeen kolektiboan (%2,2), baina ia hamarretik seik ez dute ordainik eskuratzen, eta %45ek bi urte baino gehiago daramate beharrik egin gabe.

Azterketa osoago bat egiteko asmoz, etorkizunean gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen datuak sartzeko asmoa du Lan Sailak.



Bigarren erregulazioan15.400 langile daude dagoeneko

Urteko lehen bost hilabeteetan egondako erregulazio eskaeren berri eman zuen atzo Carlos Zapatero Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak. Urtarrila eta maiatza bitartean, 979 eskaera ontzat jo ditu departamentuak, aurreko urtean baino %12 gutxiago.

«Itxaropenerako» datuak direla esan zuen Zapaterok, Legebiltzarrean emandako azalpenetan. Izan ere, eragindako langileak %53 gutxiago izan dira, aurreko urtearekin alderatuz gero. Orain, 1.366 dosier daude indarrean, baina eragindako langileen erdientzat-15.400 pertsona- bigarren erregulazioa da dagoeneko. Enpresa txikiak dira eskaera berritu duten gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.