2013KO MARTXOKO GREBA

Bi urte eta erdiko zigorra Deustuko bi grebalarirentzat

Manifestazioa egingo dute protesta egiteko, gaur iluntzean.

Grebalarien alde Bilbon iazko irailean eginiko protesta bat. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Berria
2014ko ekainaren 12a
15:28
Entzun

2013ko irailaren 11n Aitor Fernandez, Jon Telletxea eta Urtzi Martinez epaitu zituzten Bilboko zigor arloko 1. epaitegian, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean istilu batzuetan parte hartu zutelakoan. Epaileak errugabetu egin zuen Fernandez, eta hamabost hilabeteko zigorra ezarri zien Telletxeari eta Martinezi, desordena publikoengatik. Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen Bizkaiko Auzitegi Probintzialean, eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen Telletxearentzat eta Martinezentzat, gertakariak izan zirenean mozorrotuta zeudelako.  

Bizkaiko auzitegiak ontzat hartu du helegitea, eta zigorra handitu die. Bi urtetik gorakoa denez, berehala sartuko dituzte preso. 

Horren aurka, Grebalariak Aske plataformak deituta, gaur manifestazioa egingo da, Deustuan, 19:30ean, Done Petri plazatik abiatuta.

Mobilizazio gehiago iragarriko dituzte, aurki.

Epaiketan, 42 urteko zigorra eskatua du fiskalak Martinez, Telletxea eta Fernandezentzat —ia hamalau urte bakoitzarentzat—, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean Bilboko epaitegiaren ondoan gertatutako istiluetan parte hartu zutelakoan. Eraikina zaintzen ari ziren ertzainei ke ontziak jaurtitzea eta bi polizia zauritzea egotzi zieten. Irantzu Ialdebere ere akusatu zuten horretaz; adingabea zen orduan, eta beste prozedura batean epaitu zuten.

Grebalariek hainbat erakunderen sostengua jaso zuten. Haien aurkako frogarik ez zegoela nabarmendu zuen, esaterako,  Leire Txakartegi ELA sindikatuko kideak: «Hasieratik susmatu genuen Poliziaren azpijoko bat zela hau, eta susmoa berretsi zen akusazioen berri jakin genuenean. Akusazioak, larriak izateaz gain, Poliziak gertakariei buruz emandako bertsioan soilik oinarritzen dira, gazteen parte hartzearen inolako frogarik eman gabe».

Antzeko beste kasu batzuk ere izan dira urteotan.

• Gernikako hemezortziak. 2013ko urtarrilean, Bilboko Auzitegiak absolbitu egin zituen 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gernikan (Bizkaia) pikete informatiboan aritu ziren hemezortzi kide. Gernikako supermerkatu bateko banatzaileari lan egitea eragozteaz eta haren autoari kalteak egiteaz akusatuta zeuden, baina epaileak ez zuen frogatutzat eman han egon zirenik. Auzipetu bakoitzarentzat hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatu zuen fiskaltzak. Akusatuek hasieratik ukatu zuten inoren lana eragotzi izana. Supermerkatuko langilea ez zen gai izan auzipetu bakar bat ere identifikatzeko.

• Estafetako bostak. Iruñeko epaitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zien lau laguni —Imanol Salinas, Gorka Milago, Mikel Aingeru Auza eta Ander Bayano—, eta errugabetzat jo zuen bestea —Igor Aoiz—. Akusatuen eta haien lekukoen testigantzari baino, Maria Aleman Ezkarai epaileak sinesgarritasun handiagoa eman zien bi poliziaren lekukotasunari eta kamerek hartutako irudiei. Horietan oinarrituta, ziurtzat jo zuen kondenatuek txikizioak eragin zituztela Iruñeko Chez Belagua tabernan, 2012ko martxoaren 29ko grebaren arratsaldeko manifestazioaren amaieran. Epaiketan, akusatuetako hiruk ziurtatu zuten ez zirela han istiluen unean, eta beste bik, berriz, han zeudela ez zutela txikizioan parte hartu. Fiskalak lau urte eta erdiko zigorra eskatu zuen, langileen eskubideen aurkako delitua ere ikusi zuelako.

• 'Nafarrate auzia'. Arabako Lurralde Auzitegiak eutsi zion Xuban Nafarrateren eta beste bi lagunen aurkako inputazioari, 2012ko M-29ko greban, pikete batean zeudela, ertzainen aginduak ez betetzeagatik. Nafarratek berak abiatu zuen auzia, ertzainen aurkako salaketa bat jarri baitzuen; jipoitu egin zutela dio. Salaketa artxibatu egin zuen Gasteizko epaitegiak, baina berriro ireki du Arabakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.