Bide Berriko 54 postuak berma ditzala eskatu diote Diputazioari

Bost harrera etxe ixtea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak; subrogazioa nahi dute langileek

Inemek Errotxapea auzoan duen bulego bat itxi du Iruñeko langabe talde batek. BERRIA.
Miren Garate.
Donostia
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Bide Berri elkartearen bost harrera etxe ixtea erabaki du Gipuzkoako Diputazioak—Donostian, Tolosan, Bergaran, Arrasaten eta Urretxun daude—. Beste etxe batzuetara aldatuko dituzte haietan bizi diren 35 adingabeak. 54 langileek, ordea, ez dakite lanean jarraitu ahal izango duten. «Diputazioak ez digu informaziorik eman. Erabat babesgabe eta inolako segurtasunik gabe gaude», azaldu dute.

ELAk deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, foru aldundiaren egoitza aurrean. Porrot egoeran dago gaur egun Bide Berri, langileei ere 70 eguneko soldata zor die. «Kudeaketa ezin txarragoa egin du, eta diputazioak ez du kontrolatu gipuzkoar guztiona den dirua. Eurak dira arduradunak», adierazi dute Goizeder Urbietak eta Amaia Iturraranek, langile batzordeko ordezkariek.

Hasiera batean, beste harrera etxeetan jarraitzeko aukera eskaini zien diputazioak langileei. «Horretarako, ordea, kontratuan ageri den subrogazio klausulari uko egin behar geniola esan zigun». Klausula horrek dio beste harrera etxeetan ere baldintza berberetan ariko direla. «Horrez gain, inolako erreklamaziorik egingo ez dugun konpromisoa nahi du Diputazioak».

Langileek uko egin diote eskaera horri, eta, ondorioz, diputazioak subrogaziorako aukerarik ez diela eman nahi adierazi dute. «Adin txikikoak beste harrera batzuetara aldatzea erabaki du, nahiz eta horietako batzuek ez dituzten hezkuntza baldintza egokiak betetzen. Gure etorkizunari buruz, berriz, ez du inolako azalpenik eman». Maiatzaren 1ean amaituko zaio diputazioarekin duen kontratua Bide Berriri. «Egoera bideratu eta langile guztien jarraipena bermatu behar du. Euren eskubideei uko egitera behartzea erabaki onartezina eta erabat larria da», salatu dute.

Holtzan, 35 kaleratze

Jendea bota nahi du Legutioko Holtza enpresak ere. 35 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du —Holtzako 29 eta Holtza-Habitateko sei—; gainerakoei, berriz, aldi baterako etengo dizkie kontratuak.

Egur xaflak egiten ditu Holtzak. Langileen esanetan, urteetan irabazi handiak izan ditu enpresak. «Orain ez dugu onartuko guk ordaindu behar izatea egoera hau, gure lanpostuak defendatuko ditugu azkenera arte». Enpleguari eusteko «konpromiso serioa» eskatu diote zuzendaritzari; baita espedientea erretiratzeko eta negoziazioaren aldeko apustua egiteko ere. «Langile guztiok kabituko garen alternatiba bat behar dugu». San Prudentzio egunaz baliatuta, elkarretaratzea egingo dute bihar Gasteizen, Armentiako zelaietan.

Iruñeko langabe talde batek ere egin zuen protesta atzo.Inemen bulego bat itxi zuten Errotxapea auzoan. «Inemek ez du ematen ez prestakuntzarik eta ez lanposturik. Orduan, zertarako balio duen galdetzen diogu geure buruari». 2010ean, enplegurako zerbitzu publikoek lan eskaintzen %10 soilik tramitatu zituztela adierazi zuten, eta prestakuntzarako diruaren zatirik handiena enpresaburuen nahiz sindikatuen poltsikoetara joan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.