Edesako langileek bi elkarretaratze egin dituzte gaur goizean Bilbon, bata Justizia Jauregiaren aurrean, eta bestea Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Horien bitartez, gogorarazi nahi izan dute enpresaren geroa oraindik jokoan dagoela. Aurrera egiteko modua badagoela uste dute, eta, horregatik, langile talde batek Basauriko fabrikarako bideragarritasun plan bat landu du. Egitasmo horren berri eman ez duten arren, badirudi Bergarako Geyser enpresari ere eragiten diola. Fagor Etxetresnen bi lantegi horietan galdarak eta etxeak berotzeko beste gailu batzuk egiten zituzten.
Bilbon emandako prentsaurrekoan, Edesako langileen ordezkariek ziurtatu dute atzerriko konpainia batek Basauriko lantegia erosteko interesa azaldu duela. Susmo txarrez ikusi dute eskaintza, Basauriko lantegia bi urtez soilik mantentzeko konpromisoa duelako balizko erosleak, eta gero ekoizpena beste herrialde batera emango lukeelako. Horren ordez, langileen beren plana indarrean jartzeko eskatu diote Mondragon taldeari. Horrela, "salba daitekeena salbatzeko" konpromisoa beteko luke korporazioak, betiere Edesako langileen arabera.
Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde publikoen laguntza ere eskatu dute, Edesa salbatzea "Euskadiren industria sarearen aldeko apustua" delako. Erakundeei gogorarazi diete Fagor Etxetresnen Frantziako adarraren zati batek ekoizpenari berriro ekin diola, Parisko gobernuaren 10 milioi euroren berme bati esker. "Horrek erakusten du posible dela jarduerari eustea".
Edesa hartzekodunen konkurtsoan sartu zen azaroaren 21ean. Langileek, berriz, ia bi hilabete daramatzate Basauriko fabrikan itxita.