Metaleko lan hitzarmenaren arabera, erregulazio espediente bat aurkezteko, aurrena langileen ordezkariei erakutsi behar zaie, eta handik hiru egunera jar daiteke Lan Ordezkaritzan. Ostegunean jaso zituzten azalpenak Zizurkilgo Huyck Wangerreko (lehengo Perot) ordezkariek, eta ezustekorik ezean, gaur egingo du eskaera ofiziala. Enpresak dosierra "aurreko termino berberetan" prestatu duela salatu dute langileek, oraingoan ere 81 langileetatik 75 kaleratu nahi baititu. ELAko kideen arabera, "denbora irabazi" nahi izan du lehen espedientea erretiratuta. Asteazkenean egingo dute bilera zuzendaritzak eta langileen ordezkariek.
Ustekabean, Huyck Wangner enpresak martxoaren 6an atzera bota zuen ia lantalde osoa kaleratzeko erregulazio dosierra. Baina erabaki horrek langileen artean eragindako pozak ez zuen luze iraun, egun hartan bertan enpresak iragarri baitzuen beste espediente bat aurkezteko asmoa zuela. "Gaur egungo ekipamendu guztiz zaharkituarekin ez da bideragarria ekoizpenarekin jarraitzea", azaldu zuen multinazionalak, eta erregulazio bat eskatzeko "arrazoi objektiboak" indarrean daudela jakinarazi zuen. "Etorkizunean egongo liratekeen galerekin ezingo lirateke bermatu langileen kalte-ordainak".
Xerium taldearen barruan dago Huyck, eta tela metalikoak ekoizten ditu. Papergintzaren krisiak eskaerak jaitsi dituela dio enpresak, eta makineria berritzeko 24 milioi euroren inbertsioa eginda ere uste du ez dagoela bermatuta eskaria handituko denik; berrikuntzak egin ezean, berriz, galerak areagotu egingo liratekeela. Langileek, berriz, esan dute urtero irabaziak izan dituela enpresak eta langile bakoitzeko ekoizpen gehien egiten duen lantegia dela. Soldatak taldeko beste enpresetakoak baino txikiagoak diren arren, salatu dute lana beste lekuetara eramateko asmoa duela enpresak. Huyckek Italian (Latina), Alemanian (Reutlingenen) eta Austrian (Gloggnitz) ditu lantegiak. Urtarrilaren 26tik greban daude langileak.