Lau urte pasatxoko ibilbidea egina du Euriborrak, interes aldakorreko hipoteka maileguetan erreferentzia nagusi den indizeak, eta inoizko mailarik apalena jo zuen ekainean: %2,014. Honenbestez, euroguneko diru ofizialaren prezioaren mailan, %2an, dago jada.
Hipoteka berritu eta ekaineko euriborra erreferentziatzat hartuko dutenek nabarituko dute poltsikoan, batik bat, jaitsiera. Adibidez, 20 urteren buruan ordaintzeko 120.000 euroko hipotekaren jabe denak 113 euro inguru aurreztuko ditu hilero, ekaineko euriborra kontuan hartuta.
Bere historia laburrean, dena den, ez du Euriborrak gorabehera handirik izan. 2000. urteko abuztuan jo zuen goia (%5,248) eta bukatu berri den ekainean behea. Beheranzko joera argia iragan urteko maiatzean hasi zuen, %4ko sabaia gertu zuenean. Geroztik, maldan behera izan da indizea, apirilean salbu. %1,9 jaitsi da epe horretan.
Ausbanc Espainiako finantza zerbitzuetako erabiltzaileen elkarteak beherakada «berri ona» dela azpimarratu arren, egoeraren arriskuaz ere ohartarazi zuen. Izan ere, Euriborra inoiz baino apalago egonik, hipoteken igoera eragin dezake eta kontuan hartu behar da hain epe luzeko maileguak gora egingo dutela etorkizunean.
Bestalde, orain arte oso erabilera urria izan duten interes finkoko hipoteka maileguak indarra hartzen ari dira finantza erakundeek egindako eskaintzen artean.
Adituek aurreikusten dute Euriborrak egonkor jarraituko duela urtea amaitu bitartean. Europako Banku Zentralak berriro diruaren prezioa jaitsiz gero %1,75 ingurura ere ailegatu daiteke. >
Bigarren hilabetez behera egin du eta %2ko maila oso gertu du jada
Bigarren hilabetez behera egin du eta %2ko maila oso gertu du jada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu