ARRANTZA

Bihar erantzungo die Espainiako Gobernuak arrantzaleen eskaerei

Ministroari eskatu diote antxoa kanpaina hondamenezko izendatzea eta kalte-ordainak ahalik eta lasterren ematea, Kantauriko arrantza lekuak ixtea eta kuoten negoziazioak euren gain uztea

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2005eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Itxaron beharra dute Bizkaiko Golkoko baxurako arrantzaleek. Antxoa kanpaina antzuaren berri eman zioten atzo Elena Espinosa Espainiako Arrantza ministroari, baina berak egoera aztertuko duela baino ez zien erantzun. Bihar arratsalderako hitzordua egin dute Espinosarekin eta, gaur, itsasora itzuliko diren edo ez erabakiko dute kofradiatan.

«Bilera ez da ez ona ez txarra izan», azaldu zion Berriari Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien presidenteak. «Ostegunean ikusiko dugu, orduan erantzungo baitugu». Hiru eskaera zehatz egin zizkioten arrantzaleek Arrantza ministroari: antxoa arrantzaldia hondamenezko izendatzea, bi urterako Kantauri itsasoko arrantza lekuak ixtea eta Europako Batasunarekin kuotaren inguruan egiten diren negoziazioak arrantzaleek zuzenean egitea.Jaime Tejedor Gipuzkoako Kofradien presidenteak negoziazioa «zaila» izan zela zehaztu zuen. Izan ere, aldarrikapenak bete artean denbora luzea igaro daiteke eta eskaerak asebetetzea ez da soilik Espainiako Gobernuaren esku.Tejedorrek azaldu zuenez, diru laguntzak jaso ahal izateko, «Europako Batzordeak geldialdi biologikoa argudiatuko duen ikerketa zientifikoa exijituko du». Espainiak edo Frantziak eskatu behar dituzte kalte-ordainak, eta artean bederen, ez batak ez besteak ez dute horrelako ekimenik abian jarri.Bizkaiko Golkoko arrantzalekuak ixtea ez da erraza izango, halaber. Aurtengo kanpainan ezer egitea nekeza izango da, batik bat kuotak jada banatu direlako. Etorkizunari begira, ostera, Espainiak ez ezik, Frantziak ere zeresanik izango du antxoaren ustezko geldialdi biologikoan. Kuoten negoziazioaren inguruan ere ez zen urrats nabarmenik egin.Atzoko bilerak emandakoa aztertuko dute gaur kofradiatan, eta itsasora itzuliko diren edo ez erabakiko dute arrantzaleek. Ostegunaz geroztik portuan dituzte ontziak.

«Beste interesen mesederako»

Bizkaiko Golkoko arrantzaleen aldarrikapenak bere egin zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Espainiako Gobernuari egotzi zion 1996az geroztik antxoa kuotaren zati bat Frantziaren esku uztea, «beste interes batzuei mesede egiteko». Are gehiago, Gipuzkoako Aldundiak salatu zuen arrantzaldiaren bilakaera Frantziak ezartzea onartu duela Espainiak. «Ez zaizkie Bizkaiko Golkoko arrantzaleen beharrak axola, eta, horrenbestez, Frantziaren eskaerei men egiten diete, gutxieneko baldintzak finkatu gabe».

Euren proposamenen aurrean Frantziak eta Espainiak entzungor egitea deitoratu zuen Oceana talde ekologistak. Arrantzaleen aldarrikapenekin bat egin, eta hamar urteren buruan, antxoa harrapaketak 40.000 tonatik 10.000 tonara murriztu direla ohartu zuen. Itsasoko Esploraziorako Nazioarteko Batzordearen irizpidea baztertzea, eta gomendatutakoa baino «sei aldiz kuota handiagoa eskatzea» egotzi zien Frantziari eta Espainiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.