Greziako krisia

Bihar iluntzerako itxi nahi dute akordioa Greziarekin

Datozen bi urteetan 8.000 milioi lortzeko neurriak proposatu dizkie Tsiprasen gobernuak troikako erakundeei, eta agiri horren gainean ari dira negoziatzen.

Austeritatearen aurka eta Tsiprasen gobernuaren alde joan den igandean Atenasen egindako mobilizazioa, Greziako Parlamentuaren aurrean. SIMELA PANTZARTZI / EFE
Ivan Santamaria.
2015eko ekainaren 23a
07:18
Entzun

48 ordutan zalantza guztiak argitu eta ituna lotzea da orain negoziazioen erronka. Horretan ari dira atzoz geroztik Greziako Gobernua eta troika osatu duten hiru erakundeak: Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Europako Banku Zentrala (EBZ). Eurotaldea bihar arratsaldean bilduko da berriro. Batzar horretan negoziatutako edukiek Finantza ministroen bedeinkapena jasotzea nahi dute, ostegunean edo ostiralean Europako Kontseiluak egingo duen batzarrean behin betiko onespena eman ahal izateko. Erreskate programaren luzapena izango litzateke akordioaren forma.

Zer aldatu da azken orduetan? Alexis Tsiprasen gobernuak egin duen azken mugimendua izan liteke blokeo egoera gainditzeko giltza. Nahasmen apur bat sortu du eskaintzak —bi proposamen igorri zituen, bat igande iluntzean eta beste bat atzo goizean—, baina lehen erreakzioan kreditu emaileek harrera ona egin diote.

Berriro negoziazioei heltzeko balio izan du. Ez da gutxi, joan den astean pilota Greziaren teilatuan zegoela argi utzi baitzioten Europako Batzordeak, NDFk eta EBZk. Alegia, Greziaren etorkizunari buruz azken hitza duten hiru erakundeek. Atzo Alexis Tsiprasek aipamena bueltatu zien kreditu emaileei. "Orain pilota Europako liderren teilatuan dago", esan zuen Greziako lehen ministroak, bart Europako agintariekin bildu ondoren.

Greziaren proposamenak

Zer eskaini die Atenasek orain kreditu emaileei? Guztira, 2015 eta 2016. urteetan ia 8.000 milioi euro lortzeko neurriak jarri ditu mahai gainean, BPGaren %4,4 inguru. Diru gehiena bi iturritatik lortuko luke: BEZ zergaren erreforma eta pentsio sistemaren moldaketa.

Pentsioak ez murriztea Tsiprasen gobernuak jarritako marra gorrietako bat da. Horren ordez, pentsiodunei igoko die osasun sistemari egiten dioten ekarpena. Hots, kotizazioak handituko zaizkie. Era berean, erretiro aurreratua mugatzeko neurriak martxan jarriko ditu. Horrekin guztiarekin 2.525 milioi euro aurreztu nahi ditu.

Kreditu emaileek eskatu dizkioten baldintza makroekonomikoak betetzea onartu du Greziak, eta helburu hori dute iragarritako neurriek. Aurten BPG barne produktu gordinaren %1aren pareko superabit primarioa lortu behar du, %2 datorren urterako, %3 2017. urterako eta %3,5 2018. urterako. Superabit hori exijitzen diote Greziari, jasotako maileguak bueltatzea bideragarri izateko.

Pentsioetatik aparte, superatiba finkatzeko beste elementu nagusia zerga igoerak dira. BEZ zergaren erreforma aurkeztu du Atenasek. Gobernuak hiru tasa ezberdin izango ditu aurrerantzean ere: %6, %13 eta %23. Elikagaiek, hotelek eta argindarrak %13ko tasa murriztuari eutsiko diote, eta liburuek nahiz ospitaleetako botikek, %6ari. Beste produktu batzuk tasatik mugituta 2.040 milioi gehiago bildu nahi ditu Greziak.

Enpresei eta irabaziei ere zerga gehiago ordainaraziko dizkie gobernuak. Sozietate zergaren tasa orokorra %26tik %29ra igoko du. Era berean, 500.000 eurotik gorako enpresa irabaziei %12ko zerga berezia ezarriko die. Neurri horiekin 2.230 milioi lortzea espero du gobernuak.

Beste hainbat neurri jasotzen ditu Greziak bidali duen dokumentuak. Horien artean dago defentsa gastua 200 milioi euro jaisteko asmoa, datorren urterako.

Hasiera batean, negoziazioek ez dute jasotzen Greziak duen zorpetzea arintzeko neurririk. Haatik, ate hori ez zuen erabat itxi atzo Angela Merkel Alemaniako kantzelariak, Europako Kontseiluaren ondoren egindako adierazpenetan. Greziak 323.000 milioi euro zor ditu, BPGren %185. Diru gehiena euroguneko bazkideei eta NDFri zor die.

Harrera ona

Greziaren azken proposamen horrek harrera ona izan zuen atzo egindako eurotaldean. Bruselak eta gainerako erakundeek aurrerapauso positibotzat jo zuten, eta berriro negoziatzeko oinarri sendoa zela onartu zuten. Mezu baikor hori agerian utzi zuten Jeroem Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak eta Pierre Moscovici Europako Batzordeko Finantza komisarioak, eurotaldeak agindako bileraren ondoren. «Posible da akordio bat lortzea aste honetan, aurrerago», ziurtatu zuen Dijsselbloemek. Itun hori bururaino eramatea da bihar egingo den eurotaldearen hurrengo bileraren helburua.

Atzo iluntzean Europako Kontseiluaren premiazko bilera ere zegoen deituta, blokeo egoera ikusita. Goizeko gertaeren ondoren, hitzordua ez zela erabakigarria izango argi geratu zen. Behintzat, parte-hartzaileek negoziazioen azken ahaleginari bultzada politikoa emateko balio izan zuen. «Greziak aurkeztu duen lehen proposamen erreala da», aldarrikatu zuen Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak, batzararren aurretik.

Hilaren 30a, benetako muga

Bruselatik iradokitako itxaropenak oihartzuna izan zuen Europako merkatuetan. Burtsa nagusiek igoera esanguratsuak izan zituzten, oraingoan bai akordiorako bide bat abiatu dela ondorioztatuta.

Erlojuaren aurkako borrokan ari dira Grezia eta troika osatzen duten erakundeak. Jarritako epemuga guztiak gainditu dituzte orain arte. Ekainaren 30ekoa da hurrengoa. Egun horretan amaitzen da bigarren erreskate programaren luzapena, eta, gainera, 1.600 milioi ordaindu behar dizkio Greziak NDFri. Lagardek esana du Atenasek ordainketa egiten ez badu, default egoeran deklaratuko dutela. Hau da, ordainketak etenda, zordun.

Otsailetik luzatuta dagoen bigarren erreskateko dirua eskuratzea izan liteke hesi hori gainditzeko modu bakarra. Kreditu emaileek programaren baldintzak bete direla uste badute, 7.200 milioi euroko ordainketa egingo diote Greziari.

NDFri ez ordaintzearekin Greziaren arazoa ur ezezagunetan sartuko litzateke. Izan ere, EBZren premiazko likidezia ari da finantza sistema hondoratzea eragozten. Gaur, berriro ere, bankuei larrialdiko maileguen kopurua handitu zien EBZk. Sei egunean laugarren aldia da.

NDFri ez ordaintzeak egoera zeharo aldatuko ez balu, hurrengo muga eguna uztailaren 20koa da, benetan erabakigarria. Egun horretan 3.500 milioi ordaindu behar dizkio Greziak EBZri. Ordaindu ezean, premiazko likidezia bertan behera utziko luke bankuak. Hori bai, egun hori iritsi baino lehen zirt edo zart egitea eskatu die EBZko presidenteak, Mario Draghik, gobernuburuei. Halako erabaki bat politikariek hartu behar dutela uste du, ez banku zentralak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.