Baina, azken aste hauetan, greba horien arteko egunak ere protesta egun bilakatuak dira. Jende zama txikiagoa bada ere, «ekonomiaren blokeoa» helburu duten hainbat lagun dabiltza buru-belarri ekintzaz ekintza. LAB sindikatuko Amaia Fontagek dioenez, «protesta egun bakar horiek» ez direlako aski.
Atzoko eguna ere halakoa izan zen Ipar Euskal Herrian. Goizean goiz, Miarritzeko (Lapurdi) aireportuaren blokeatzera joan ziren berrogeita hamar bat lagun, gehienak Oldartu eta Erretreten aldeko kolektibokoak. Han egon ziren ordu bat, polizia etorri arte. Goizeko lehen hegazkinaren ordubeteko beranta sorrarazi zuen ekintzak.
Ondotik, intersindikalak deiturik Baionako herriko etxearen aitzinean bazkaldu zuten, eta arratsaldean, Miarritzekoaren aitzinera joan ziren. Helburua izanki Jean Grenet eta Didier Borotra bertako auzapez baita parlamentariek erreformaren alde bozkatu izana salatzea.
Hendaiako (Lapurdi) tren gidariek, herriko etxeko langileek, bai eta Sokoa ala Bonnet Neve enpresetakoek ere haien haserrea entzunarazi zuten atzo. Hain zuzen, A63 autobidea blokeatu zuten, poliki-poliki gidatuz Biriatu eta Miarritze artean. Baina, polizia etorririk eta mehatxaturik, ekintza jarraitu zuten autopistako bide bakar batean. Gaur herritarren informatzen ariko dira, Ipar Euskal Herriko hainbat xokotan.
Hain zuzen, protestan daudenek argi dute borrokak jarraitzen duela eta jarraitu behar duela «kontrarreforma injustua» geldiarazteko. Nahiz senatariek bozkatua ukan, nahiz Frantziako Gobernuak eta hainbat komunikabidek erran mugimendua ahulduz doala, argi dute ezetz. «Desinformazio» hori eta orokorki borrokan direnak «suntsitzaile» gisa «estigmatizatu» nahi izana ez dute onartzen kolektiboek. Hori izan zen herenegun Baionako suprefeturaren okupazioarekin pasarazi zuten mezua. Orokorki, greba eskubidea zalantzan ezarria dela eta gobernuak «errepresioaren bidez» erantzuten duela salatu zuten.
Konstituzioaren kontra doala arrazoituta, erreformaren aurka eginen du PSk
Frantziako Senatuak oniritzia eman zion atzo erretren erreformari, eta okerrik ezean, gaur gauza bera egingo du Asamblea Nazionalak. Alderdi sozialistak, baina, iragarri du erreformaren kontra helegitea aurkeztuko duela, konstituzioaren kontra doala iritzi baitio.Frantziako Gobernua pozik da, erreforma arazorik gabe aurrera egiten ari delako, batetik; eta, «pixkanaka bada ere, kalean protestak ahultzen ari direlako», bestetik. Herrialdeko hamabi findegitatik bostetan normal lan egin zuten atzo, eta erregai zerbitzugune askotan hornidura arazoak dituzten arren, gidariek geroz eta gehiagotan bete dazakete depositua. Dena dela, sindikatuak ez daude amore emateko, eta bihar egingo dute hurrengo indar erakustaldia, protestara deitu baitituzte herritarrak.