Bihartean-ek silikona likidoan oinarritutako polo bat sortu du

Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko bost enpresak eta bi teknologia zentrok osatuko dute

Miren Garate.
Irun
2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Teoriatik praktikara pasatu da Bihartean ganbera, eta Silikona Likidoaren Poloa sortu du. «Asko hitz egin izan dugu mugaz gaindiko enpresen kooperazioaz edota tamaina handitzearen premiaz. Hemen proiektu zehatz bat dugu, produktu berri bat sartuko dugu merkatuan, eta lehiakorrago izateko aukera emango digu», azaldu dute Andre Garretak eta Pedro Esnaolak, Baionako eta Gipuzkoako Merkataritza ganberetako presidenteek —bi ganbera horiek osatzen dute Bihartean—.

Poloa Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko bost enpresak —Cauchopren, Cilkautxo, EBL Polyester, Olaberria eta Tajo— eta bi teknologia zentrok osatuko dute. Silikona likidoaren eraketaren kate osoa beteko dute enpresa horiek. «Proiektu honen erronka ekonomikoa handia da, sektore askotan erabiltzen baita silikona likidoa». Automozioak du eskaera handiena, eta etxeko tresnetan eta medikuntzan ere dezente erabiltzen da. Gaur egun, Alemania eta Austria dira silikona likidoaren ekoizle nagusiak, alde handiz. «Euskal Herrian ere haziz joan nahi dugu, proiektuak eta merkatuak hartuz», azaldu dute ganberetako ordezkariek. Oraindik ez dakite zenbateko ekoizpena izango duten urtean.

30 hilabete lanean

2010eko uztailean sortu zen Bihartean, eta atzo Irungo Ficoban egindako agerraldian, lehen 30 hilabeteen balorazioa ere egin zuten Esnaolak eta Garretak. Seiehun enpresari eskaini die zerbitzua, eta horietatik erdiek baino gehiagok parte hartu duteganberak antolatutako jardueretan. Lurraldeka begiratuta, ez da alde handirik egon: Bihartean-era jo duten enpresen %52 Gipuzkoak izan dira, eta %48, Ipar Euskal Herrikoak. «Bihartean-ek euroeskualdearen estrategiari lagunduko dio», nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.