Ekonomia

Bihartik aurrera itsasora aterako dira Bermeoko arrantzaleak

Atunaren kanpainarekin hastea erabaki dute. Gaur hartu dute neurria. Haiek izan dira grebari eutsi dioten kantauriko arrantzale bakarrak.

2008ko ekainaren 17a
15:28
Entzun
(www.busturialdekohitza.info)

Greba bertan behera uztea eta itsasora ateratzea erabaki dute gaur Bermeoko (Bizkaia) arrantzaleek. Bihartik aurrera atunaren kanpainarekin hasiko dira Bermeokoak ere. San Pedro kofradiako arduradunek jakinarazi dutenez, "batzuk bihar aterako dira, baina beste batzuek ezin izango dute bihar itsasora joan, motorrak prestatu barik dituztelako edota itsasoan eguraldi txarra dagoelako". Aukera dutenean, hala ere, denak aterako dira atuna arrantzatzera.

Bermeokoak izan dira grebari eutsi dioten kantauriko arrantzale bakarrak. Beste portu batzuetakoak hasita daude atunaren kanpainarekin. Bizkaiko kofradietako presidente Iñaki Zabaletak azaldu duenez, "oraindik ezin da baloraziorik egin, itsasoan eguraldi txarra dago eta ez da asko arrantzatu". Dena den, kanpotik ekartzen den atunak zenbatean saltzen den eragina izango du bertoko atunaren prezioan. "Iaz ere hori gertatu zen, kanpotik ekarritakoa merke saltzen zuten".



Espainiako Gobernuarekin negoziazioetan jarraituko dutela esan du Zabaletak. "Bertoko arrantzaleek merke saldu behar badute eta petrolioaren prezioak garesti jarraitzen badu nork daki, agian berriro utzi beharko diogu arrantzatzeari".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.