Bikoiztu egin da Elkar-Lanek sustatutako kooperatiba kopurua, krisiaren eraginez

Enpresen %67k lan zama handitzea espero dute eta, lautik batek, aldiz, egungo eskaerari eustea aurreikusi du

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Elkar-Lan kooperatibak sustatzeko sozietateak 70 enpresa berri sortzen lagundu zuen iaz, aurreko urtean baino 30 gehiago. Agustin Mendiolak elkarteko lehendakariak azaldu duenez, krisialdiak eragin du, hein handi batean, kooperatiben kopurua handitzea, «krisiak erasandako enpresetan aritzen ziren langile prestuek negozio berria abiatu baitute».

Testuinguru ekonomikoarekin batera, EAEko Sozietate Kooperatiba Txikiaren 6/2008 legeak bultzatu ditu ekintzaileak mota honetako enpresak sortzera, Mendiolaren ustez. Izan ere, kooperatiba txikia osatzeko gutxieneko bazkide kopurua hirutik bira jaitsi da.

Lurraldeka, Gipuzkoan sortu dira kooperatiba gehien Elkar-Lanen eskutik, 30; Bizkaian 29 eta Araban 11 egin dituzte. Kooperatiba horien batez besteko langile kopurua 3,5 lagunekoa da, guztira 234 lanpostu berri sortu badituzte ere, aurreko urtean baino 30 gutxiago.

Enpresa gehienak, 47, zerbitzu sektorekoak dira, hamar eraikuntzakok eta lau garraio arlokoak. Zerbitzuetan aritzen direnen artean, hamalau aisialdi eta kultura jardueretan aritzen dira, sei aholkularitzan eta launa ikus-entzunezkoetan eta ingeniaritza zerbitzuetan. Gizonezkoak dira nagusi kooperatiba sortu dutenen artean, %64, eta, adinari dagokionez, 38 urteko batez bestekoa dute.

Aurreikuspen baikorrak

Kooperatiba txikien jarduerari buruzko datuak ere eman ditu Elkar-Lanek eta, lan zamari buruzko galdeketan, hamar enpresatik ia zazpik eskaria handitzea espero dutela jakinarazi dute. Lautik batek, aldiz, egungo lan zamari eustea aurreikusi du, eta %8k baino ez dute erantzun jaitsiera espero dutela.

Bestalde, kooperatiba txikien merkatua tokikoa dela egiaztatu du Elkar-Lanek bere ikerketan, enpresen %16,7k bakarrik saltzen baitu nazioartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.