Gure industriaren defentsan lelopean, manifestazio jendetsua egin dute Bilbon, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deituta. Azken hilabeteotan sektorean izandako berri txarrak bultzatu dituzte sindikatuak eztabaidak alboratu eta "benetako" industria politika baten alde manifestatzera.
LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek gogor gaitzetsi du alor honetan politikariek eta Jaurlaritzak berak agertutako jarrera, eta langileen esku hartzea aldarrikatu du: "Ez gaude prest gure enplegua gobernu honen esku uzteko; etorkizun hobea lortuko badugu, langileak batuz soilik lortuko dugu". Ildo beretik hitz egin du CCOOko buru Unai Sordok ere: "Benetako politika bat behar dugu, eta horretarako oinarrizkoa da sindikatuen parte hartzea".
ELAk altzairugintzan duen ordezkari Unai Martinezek, bere aldetik, ohartarazi du "epe motzerako propaganda" gaindituko duten estyrategiak behar direla industriaren alorrean. "Erronka handia dugu herrialde gisara. Lan duinak izango dituen Euskal Herria eraikitzeko lehen urratsa da manifestazio hau".
Sindikatuek ohartarazi dute gobernuek enpresa ugari multinazionalen esku geratzea sustatzen dutela, eta kexu dira erabakiguneak galtzeagatik langileak ari direlako orain ondorio horiek larrutik nozitzen. "Erakundeak txaloka hasi dira hemengo enpresa bat saltzean. Multinazional handiak eta inbertsio funtsak lantokiak itxi eta itxi ari dira Euskal Herrian, euren helburu bakarra irabaziak handitzea delako", arbuiatu du LABek.
Atxikimendu zabala jaso du mobilizazioak. ESK, Steilas eta Hiru sindikatuen sostenguaz aparte, Euskal Herriko langile batzorde sendoenak ere elkartu ditu manifestazioak. Tartean dira enplegua erregulatzeko dosierrak edo kaleratze kolektiboak jasotzeko arriskuan dauden konpainietako langileak: Aernnova, Tubos Reunidos, Arcelor Mittal eta Eaton. ELAk uste du atxikimenduek agerian uzten dutela industriaz dagoen kezka. "Sekula baino beharrezkoagoa da itxierei aurre egitea eta eredu iraunkorra eta duina duen herri baten alde egitea".
Herriaren "ardatz"
Arantza Tapiak, Garapen Ekonomikorako sailburuak, ukatu du Jaurlaritzak industria politika "sendorik" ez duenik, eta nabarmendu du industria "beti" izan dela jeltzaleen politikaren "ardatz". Haren esanetan, Jaurlaritzak beti bultzatu izan du bertako industria: "Horren erakusgarri da 2016ko lehen hiruhilekoan %18 hazi direla esakerak".
Tapiarekin bat egin du Itxaso Atutxak ere eta adirazi du Jaurlaritzak lanean jarraituko duela "euren lanpostuak arriskuan dituztenen alde". Bilboko manifestazioan egin ditu adierazpenok Atutxak.