Bilboko Metroan Alde Zaharra eta Txurdinaga artean lanean ari zen langile bat hil da gaur goizean, harri bat burura erorita, Eusko Trenbide Sareak-ek (ETS) Efe berri agentziari esan dionez. Jesus Galindeza etorbidean izan da istripua.
Hamarrak aldera izan da ezbeharra, geltoki berria eraikitzeko gunean: langilea —E.B.B.— igogailu bateko zuloan ari zen beharrean eta 10x10 zentimetroko harri bat jausi zaio burura 40ren bat metrotik. Buruko kaskoa zeukan arren, behargina zendu egin da.
ELA, LAB, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek istripua salatzeko elkarretaratzea egingo dute hilaren 18an Bilbon, Nafarroa kalean, Metroaren egoitza aurrean.
LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 48. behargina da gaurkoa. Iaz horrela 82 langile zendu zirela dio LABek, duela bi urte 85, 2008an 112, 2007an 125.