Ekonomia

Bilboko metroko eta autobusetako zerbitzu minimoak %30etik %40ra igo ditu Jaurlaritzak

2008ko ekainaren 6a
17:13
Entzun
TCSA enpresak kudeatzen dituen Bizkaibus eta Bilbobus autobus zerbitzuetako langileez gain, Metro Bilbaokoek ere lanuztea egingo dute datorren astelehenean eta ostiralean, eta, hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak tren eta autobusen zerbitzu minimoak %30etik %40era igotzea erabaki du.

ELA eta CIM sindikatuek salatu egin dute Jaurlaritzak hartutako erabaki hori, zerbitzu minimoak sektore horretan ezartzen direnak baino handiagoak direlako oraingoan -%30aren bueltan ibiltzen dira normalean-, eta, horrez gain, zuzendaritzak orain arte egindako bi bileretan erakutsitako “harropuzkeria eta nagusikeria” kritikatu dute sindikatu horiek.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren kontrako helegitea jarriko dutela azaldu dute; izan ere, astelehenerako ordutegi minimoak orain arte ezarritakoak bikoizten dituzte, haien arabera.

Astelehenean eta ostiralean, Bilboko metroko langileek 05:00etatik 06:00etara, 07:30etik 08:30era eta 18:30etik 19:30era egingo dute lanuztea, eta ondorengo astelehen eta ostiraletan ere hori egitera deitu dituzte. Autobus zerbitzuetakoek, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan egiten ari dira lanuzteak ekainean: 07:30etik 08:30era eta 18:00etatik 20:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.