Bilboko Metroko greba batzordeak —ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK-k osatzen dute— adierazi du goizeko lanuzteak %85eko erantzuna izan duela. 05:30etik 9:30era bitarte egin dute greba langileek, lan baldintzen murrizketak salatzeko.
Batzordearen arabera, gutxieneko zerbitzuak gainditu egin ditu enpresak. Eusko Jaurlaritzak ezartzen du trenen %40k behintzat martxan behar dutela, eta metroko sindikatuek uste dute gaur erdiak ibili direla.
18:00etatik 22:00etara bitarte ere lanuztea egingo dute. 19:00etan San Mamesen Athletic-Lokomotiv Mosku Europako Ligako partida hasiko da, eta Bilboko Metroko arduradunek futbol jarraitzaileei ohartarazi die kontuan har dezatela lanuztea egongo dela ordu horretan.
Iazko maiatzaren 25etik metroko beharginek aldi bateko hogei lanuzte eta egun osoko greba bat egin dituzte.