Bilboko Portua

Bilboko Portuak %2,7 hazi nahi du urtero 2022ra arte

Azken bost urteetako helburua bete gabe geratu dela esan du Asier Atutxa portuko presidenteak: 37,5 milioi tonako garraioak izatea. Dena den, 2022. urterako 37 milioi tonara iristeko helburua jarri du. Aurtengo urtea %6ko hazkundearekin ixtea aurreikusten du.

Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko azaroaren 8a
15:17
Entzun

“Aurtengo urtea %6ko hazkundearekin ixtea espero dugu, baina luzera begira bete ahal izateko moduko helburuak jarri nahi ditugu”. Horrela hitz egin du Asier Atutxa Bilboko Portu Agintaritzako presidenteak. Lortu ahal izango dituzten helburuen artean jarri dute, esaterako, urtero %2,7 haztea Bilboko Portuko trafikoa, eta 37 milioi tonara iristea espero dute. Aurreikuspen hori egin du Atutxak portuak 2018-2022 urteen arteko plan estrategikoa aurkezteko garaian. Aurten amaituko da 2013an hurrengo urteetarako egin zen plan estrategikoa, eta bertan 37,5 milioi tonako trafikoa izatea jarri zuten helburu bezala, baina helburu hori bete gabe geratu da. “Hazkundea handia izan da, baina ez gara helburura iritsi”. Joan den urtean 32 milioi tonako trafikoa izatera iritsi zen Bilboko Portua, eta azken urteetan %17 hazi da trafiko hori.

Gauzak horrela, Iberiar penintsula iparraldeko, zein Frantzia hego mendebaldeko erreferentziazko portu izatea lortu du Bilboko Portuak, Atutxaren arabera. Kantauri itsasoko lehiakide nagusiena Gijongo portuan daukatela azaldu du plan estrategikoaren aurkezpenean, baina bertako trafikoa baino %74 handiagoa dauka Bilbok. Horregatik, Bilboren lehiakide nagusiak Bartzelona edo Valentzia direla adierazi du Atutxak.

Trafikoaren hazkundea bermatzeko, Bilboko Portuak azpiegituretan aurrerapausoak eman behar ditu. Horregatik, Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbidea aurreikusitako epeetan amaitzea ezinbestekoa dela esan du Atutxak. Portuko trafikoaren %21 trenbidez iristen da bertara, eta garraio hori %25era hazteko asmoa dauka portu agintaritzak. Horretarako lanak amaitu behar direla esan du. Horrez gain, Espainiako Gobernuari ere eskaera egin dio presidenteak, portuen eskumena Eusko Jaurlaritzak izan beharko lukeela iradokiz: “Europan portuak udalek edo lekuan lekuko gobernuek kudeatzen dituzte; goiz ala berandu eskumen horren transferentzia iritsiko da”.

 

Harresia eta armen garraioak

Azken boladan, baina, Bilboko Portua hainbat gai polemikorengatik izan da hizpide. Migratzaileak portura sartzea eragozteko lau metroko garaiera duen horma bat eraikitzen ari da portu agintaritza, eta hainbat gizarte eragilek neurriaren aurka hitz egin dute. Atutxak kritika horiei erantzun die plan estrategikoa aurkezteko ekitaldian: “Gauza bat da Asier Atutxak zer pentsatzen duen, eta bestea portu agintaritzako presidenteak zer egin behar duen; niri merkantzien eta pertsonen garraioa bermatzea dagokit, eta garraio hori ziurtatzeko neurri bat da”. Eta alderaketa egin du halako neurririk ez dela aireportuetan kritikatzen: “Aireportuetako neurriak zorrotzagoak dira”.

Horrez gain, arma trafikoaren inguruan ere hitz egitea tokatu zaio. Azken hilabeteetan Bilboko Portutik Saudi Arabiara armak garraiatzen ari zirela jakin da, eta auzi horren inguruan ere hainbat gizarte eragilek bere kezka azaldu dute. Horiei ere erantzun die Atutxak, berak pentsatzen duena eta presidenteak egin beharko lukeena bereiziz beste behin: “Trafikoa legala baldin bada, guk hori egiten uzten dugu; ez dut uste armen trafikoa inori interesatzen zaionik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.