Nasa berri bat urbanizatzeko eta beste bat zabaltzeko 67 milioi euroko aurrekontua dauka 2020. urterako Bilboko Portuak, eta ez du atzera egingo inbertsio horretan, jakin badakien arren jarduera apaldu egingo dela. Jadanik behera egin du, izan ere, koronabirusaren geldialdiak eraginda.
"Industria jarduera eta jarduera logistikoa jaitsiko dira" aurten, portuko agintaritzaren arabera, eta horrek nabarmen apalduko ditu trafikoa eta diru sarrerak. Baina, hala ere, inbertsioari bere hartan eutsiko dio portuak.
"Ekonomia eta enplegua" suspertzeko helburuz aurrera eramango dituzte Bilboko Portuan aurreikusitako lanak. AZ1 eta nasa nagusian egingo dituzte lan horiek. 2018an, aurreko urtearen emaitzak berdindu zituen ia portuak. 2019ko jardueraren emaitzak ez ditu oraindik jakinarazi agintaritzak.