Bilboko Portuak ez ditu uste bezain emaitza txarrak izan

Merkantzien mugimenduak %6,8 egin du behera lehen seihilekoan, eta, urte «txarra» izaten ari dela aitortu arren, okerragoa espero zutela azaldu dute.

Bilboko Portua, joan den apirilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 28a
15:13
Entzun

Kolpea ez da espero bezainbestekoa izan. Bilboko Portuan 16,38 milioi tona mugitu dituzte aurtengo lehen sei hilabeteetan, iaz aldi berean baino %6,82 gutxiago. Ricardo Barkala hango presidenteak aitortu du seihileko txarra izan dela, baina baita espero zutena baino hobea izan dela ere: «Beste portu batzuentzat okerragoak izan dira azken hilabeteak».

Bizkaiko golkoko kostaldeko beste portuetan, batez beste, %14 egin du behera merkantzien trafikoak azken hilean, eta Barkalak uste du datuak ez direla hobeak izango abuztuan. Guztientzat urte oso gogorra dela azaldu du, eta azpimarratu bigarren seihilekorako aurreikuspenak ere ez direla «munduko onenak». Urte amaieran trafikoaren beherakada %11koa izango dela uste dute portuko arduradunek.

Bilboko Portuan tona gehien mugiarazi dituen merkantzia erregaiena izan da —9,76 milioi tona mugitu dituzte—, baina iaz baino %2 gutxiago mugitu dute, Petronorrek bere findegiko atal bat itxi behar izan duela eta, eskariaren beherakadaren ondorioz. Gora egin du, berriz, gas naturalaren trafikoak: iaz baino %21 gehiago.

Bidaiaririk ez

Barkalak esan du bidaiarien trafikoaren beherakada «drama bat» izan dela; izan ere, ferryetan 17.555 bidaiari mugitu dira Bilboko Portuan lehen seihilekoan, iaz baino %63 gutxiago: «Urte polit bat izan zitekeena ez da izango» Barkalarentzat, berez 80.000 bidaiari mugituko zituzten 65 kruzero baitzeuden aurreikusita 2020. urterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.