Urteko jardueraren balantzeko datuekin pozik agertu da Asier Atutxa Bilboko portu agintaritzako presidentea. Azken hamaika urtetako igoera handiena izan du portuko trafikoak. Emaitzak “onak” direla eta 2013-2017 plan estrategikoa “ia %100ean” bete dutela adierazi du Atutxak. Bilboko portuko trafikoa hasi den bosgarren urtea da. %18ko hazkundea metatu du portuak 2013tik. Krisi garaian, ordea, %22 jaitsi zen trafikoa.
Merkantzia mota guztien trafikoa igo da azken urtean; Bereziki ontziratu gabeko likidoak. Horien artean, gas naturalak izan du hazkunde handiena, %68koa. Atutxaren arabera enpresen eskaria hazi izana da horren arrazoia. Karga lehorrek eta kontainerren trafikoak ere gora egin du, baina, neurri apalagoan. Bidaiarien kopurua, ordea, %2 jaitsi da.
61,5 milioi inbertsioetan
Negozio bolumena ere hazi da 2017an. Horri esker, jakinarazi dute jaitsi egingo dituztela portuko tasak 2018an, eta inbertsio planekin aurrera jarraituko dutela. Portuan egindako inbertsioei dagokionez, 61,5 milioi gastatu dituzte azpiegitura berrietan. Aurten bukatu dituzte Arasurreko tren-bazterbidea eta Getxoko itsas terminala. Martxan diren proiektuen artean, portuko erdiko kai muturraren eraikuntza nabarmendu du Atutxak.
Bilboko portuko eragin eremua Europa Atlantikoak jarraitzen du izaten. Atutxak azaldu duenez, Erresuma Batuak da Bilboko portuaren merkatu nagusia. Mexiko eta AEBak izan dira aurten, bigarren eta hirugarren merkatu nagusiak.
Datorren urtera begira, igoera apalagoa izango dela aurreikusi du Atutxak, %2a. Hala ere, portuak hazten segituko duela uste du, eta 2018an 37,5 milioi tonatara iristea espero dute.