Lan gatazka

Bilboko portuko zamaketariek grebara joko dute urriaren 9tik aurrera

BilboEstiba elkarteko enpresekin abuztuan hasitako negoziazioak ez du fruiturik eman, eta lanuzteak egitera deituko dute berriz

Bilboko zamaketarien protesta ekintza bat, 2017ko greban. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko irailaren 25a
16:15
Entzun

Bilboko portuko zamaketariek grebara joko dute urriaren 9tik aurrera. Gaur jakinaraziko dute, eta legeak ezartzen dituen hamabost egunak betetzen direnean ekingo diete lanuzteei. Sei asteko negoziazio prozesua izan dute BilboEstibako lau zamaketa enpresekin —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco txinatarra—, eta ez da akordiorik egon. Azkeneko bilera ostegunean egin zuten, eta sindikatuak mahaitik altxatu ziren. Lan baldintza berriak negoziatzen ari dira, eta enpresa duela urtebete mahai gainean jarritako eskaintzara itzuli dela diote. Langile batzordeko sindikatuetako lau ados daude: Coordinadora, UGT, LAB eta Kaia. ELA xehetasun batzuen zain dago.

Zamaketariek bi hilabetean egingo duten bigarren greba deialdia da oraingoa, eta xehetasunak lotzeko daude, baina egun bat baino gehiagokoa izango dela dirudi. Aurreko deialdia abuztu hasieran egin zuten, baina UGT ez beste sindikatuek atzera egin zuten, negoziazioak errazteko. Sindikatuek lehiakortasunaren epaitegiaren eskutitzak jaso zituzten greba deialdia zorrotz aztertuko zutela esanez, eta horrek ere eragina izan zuen. Grebaren muinean dago Europako legedia aldaketa dela-eta zamaketariek lan egiteko modua goitik behera aldatu behar dutela: txandak, ordezkapenak, soldatak... eta enpresaren eta langileen arteko jarrerak urrun daude.

Talka gai handietako bat langile kopurua da. Finkoak 320 dira, eta 2008az geroztik murriztuz joan da kopurua: 420 ziren orduan. Denborak aurrera egin hala, erretiroak direla eta, finko kopurua murrizten ari da, eta zamaketariek kontratazio berriak nahi dituzte. Finkoekin batera behin-behineko langile poltsa bat dago, eta kontratazio berriak hortik egitea eskatu dute. Hamabi urte dira BilboEstibak ez duela langile finkorik kontratatzen. Gaur egun, EPZ Enplegurako Portuko Zentroak kudeatzen ditu langileen joan-etorriak, eta BilboEstibak hura desegiteko mehatxua jarri du mahai gainean. Hilaren 29an hartuko luke erabaki hori, urteroko batzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.