Iraila beltza izan bazen, urria ez da hobeto hasi. Astebetean lau langile hil dira Euskal Herrian eta, horietatik bi, atzo: kamioi gidari bat Bilbon eta artzain bat Luzaiden (Nafarroa).
Bilboko ezbeharra goizeko hamarrak aldera gertatu zen, hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko lanetan. Langilea iraulki kamioi artikulatu bat gidatzen ari zen, bihurgune batean ibilgailua bidetik irten eta 30 metroko pendoitz batetik amildu zenean. Langilea airean atera zen, eta hartu zuen kolpearekin, bertan zendu zen.
Osalan Laneko Osasun eta Segurtasunerako Erakundeak jakinarazi duenez, hildakoa bilbotarra zen eta 42 urte zituen. Urtebete baino gutxiago zeraman Leken enpresarentzat lanean.
Ezbeharra jazo eta berehala bertaratu zen Osalaneko teknikari bat, arrazoiak argitzera. Ikerketak abiatu dituzte Osalanek eta Ertzaintzak.
LAB, ELA eta CCOO sindikatuek, gertatutakoa gaitzesteaz gain, gogorarazi dute, atzokoa ez dela Bilboko hegoaldeko saihesbideko lanetan hiltzen den langilea, hirugarrena baizik. Iazko abenduan beste behargin bat zendu zen harri batek azpian harrapatuta.
LABen iritzian, oraingoa, «iragarritako heriotza» izan da. Eta, lanen sustatzaileak diren aldetik,Interbiaken eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatu du, «lan arriskuak saihesteko neurriak ez betearazteagatik, azpikontratazioa eta prekarietatea bultzatzeagatik, eta lanordu luze eta neketsuak onartzeagatik».
ELAren ustetan, berriz, lan istripuen gaiari ez diote behar adinako garrantzirik ematean, ez administrazioek, ez enpresek. Izan ere, datorren urteko aurrekontuen zirriborroaren arabera, %8,6ko murrizketa izango du Osalanek. «Ezer gutxitarako balio du, gai honetaz hitz egiteko elkarrizketa sozialerako mahaia deitzeak, patronalari aurre egiteko intentziorik ez dagoenean».
Mobilizazioak
CCOO sindikatuaren arabera, saihesbidearen lanetan ari diren langileek lan erritmo handiegia jasaten dute, «egunean 12 orduko lanaldiak» baitituzte. «Presioak, nekeak eta epeak betetzeko presak ez die pentsatzen ere uzten han ari diren langileei».
UGTk, berriz, makineria beti puntuan dagoela eta eraikuntza publikoan segurtasun neurriak hartzen direla ziurtatzeko eskatu du.
Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gertatutakoa «asko sentitzen» duela, eta arrazoiak ikertzeko bere esku dagoen guztia egingo duela jakinarazi du.
Horiek horrela, hildakoaren gertukoen saminarekin bat egin eta ezbeharraren erantzuleen jarrera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur, 12:15ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, LABek deituta.
Leku berean, baina, 11:30ean, beste elkarretaratze bat egingo dute ELAk deituta.
Amildegitik erori da artzaina
Luzaiden, berriz, 67 urteko artzain bat hil zen atzo gauean, Sastra mendiko amildegi batetik erorita.
Artzaina etxera itzultzen ez zela ikusita, Luzaideko bizilagunek gauerdian hots egin zien larrialdi zerbitzuei. Nafarroako Foruzaingoak eta suhiltzaileak berehala hasi ziren gizonezkoaren bila, eta segituan topatu zuten haren ibilgailua. Handik gertu zegoen artzaina ere, amildegi batetik erorita. Bizirik atera zuten, baina Nafarroako Ospitalera bidean zendu zen.
Bilbon kamioi gidari bat eta Luzaiden artzain bat hil dira, lanean ari zirela
Bilboko hegoaldeko saihesbidea eraikitzen hasi zirenetik hiru langile hil direla esan dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu