Bilduk kutxekin duen akordioa hautsi behar lukeela dio ELAk

Euskadiko CCOOk langileen %40 baztertu nahi izatea leporatu die ELAri eta LABi

Erredakzioa
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Langileen artean galdeketa lotesle bat egitea, lan harremanen esparrua erabaki ahal izateko. Eskaera hori egin zuten ELAk eta LABek. Bilduren esanetan, kutxetako agintariek konpromisoa hartu zuten langileen erabakia errespetatzeko lan harremanen eremu geografikoari buruz. Herenegun, ordea, kutxetako arduradunek ez zuten onartu lan baldintzei buruzko akordioan puntu hori sartzea. «Bilduk uste badu kutxek konpromisoa hartu zutela, galdeketarik gabe Espainiako hitzarmena negoziatzea erabaki dutela ikusita, akordioa hautsi behar luke», esan du,

Sindikatuaren arabera, Bilduk bazekien kutxek Espainiako negoziazio kolektiboa ezarri nahi zutela. Hori dela eta, «testu anbiguoa» sinatu zuen, «propio». CCOO, Pixkanaka Kaskari eta Grupo Independienterekin sinatu zituzten lan baldintzak kutxek. «Akordioak gehiengo sindikalaren babesa duela esan dute, baina ez dute aipatu xehetasun bat:Euskal Herritik kanpoko langileei gehiegizko pisua ematen zaiela». Lan baldintzak halako hitzarmenenekin okertzen direla gaineratu du. Era berean, kutxak banku bihurtzearekin ez dagoela ados dio sindikatuak, eta gizarte ekintzaren geroa ez dagoela bermatuta uste du.

Bestelako balorazioa egin du CCOOk. Unai Sordo idazkari nagusiak «langileen %40 baztertunahi izatea» egotzi die ELAri eta LABi. Bi sindikatuek Euskal Herrian ez dutela gehiengorik esan du, «horregatik galdeketa edo beste bideren bat lortu nahi dute negoziazio esparruaz galdetzeko».

Sordoren arabera, 62 eta 63 urte dituzten 500 langileri aurretiazko erretiroa hartzeko aukera ematea hitzartu dute kutxekin; pizgarri bidezko kaleratzeak ere bultzatuko dituzte, lan egindako urte bakoitzeko 60 egun ordainduta; erreferentziatzat BBK-ko lan baldintzak hartuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.