Bilduk agindu du kontrolatzen dituen erakunde eta sozietate publikoek ez dituzte azken lan erreformaren neurriak baliatuko langileak merkeago kaleratzeko edo haien lan baldintzak alde bakarreko erabakiz okertzeko. Koalizioak bere esku ditu Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hego Euskal Herriko 123 udalerri.
Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentariak atzo Bilbon azaldu zuenez, «koherentziagatik» hartu dute neurria. Izan ere, koalizioa teorian ere ez ezik, praktikan ere erreformak izango dituen ondorioen kontra dago. «Langileen aurkako erasoa» dela ziurtatu du, eta azken helburua soldatak eta kaleratzeen kalte-ordainak «gutxiengo historikoetara» murriztea dela.
Bilduk uste duenez, PPk «kaleratze libre eta doakoa ezarri du kontratuen lehen hamabi hilabeteetan», eta negoziazio kolektiboaren lorpenak «di-da batean» ezabatu ditu. Gazteei egiten omen die kalte gehien, «33 urterekin 481 euroko soldata izateko aukera baitute orain».
Erreforma «arlo guztietan astakeria» izanik, bertan behera geratzeko eskatuko du Bilduk, Nafarroako Legebiltzarrean zein Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako batzar nagusietan. Ekinbide horrek balioko du «alderdi bakoitzak euskal gizartearen aurrean zein jarrera duen erakusteko».
Horren bidez, lan harremanen euskal esparrua eta subiranotasuna ere aldarrikatuko ditu Bilduk: «Herri gisa munduko gainontzeko estatuek dituzten bitarteko berberak nahi ditugu gure lan, ekonomia, zerga eta aurrekontu politikak finkatu ahal izateko».
Bilduko hiru kideek —ezker abertzalea, EA eta Alternatiba»— eta Aralarrek bat egin dute martxoaren 29rako ELAk, LABek, ESK-k, EILASek eta EHNEk deitu duten greba orokorrarekin.
Bilduren erakundeek ez dute lan erreforma baliatuko
Erreforma atzera botatzeko eskatuko du Nafarroako Parlamentuan eta batzar nagusietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu