Lan kodearen erreforma

Biriatuko ordainlekua blokeatu dute lan erreformaren kontra

Auto ilara luzeak sortu dira eguerdian Gipuzkoatik Lapurdirako bidean. Behobiako zubia ere itxi dute aurretik manifestariek. Protestan parte hartu dute, bertzeak bertze, CGT, LAB eta CCOO sindikatuek eta lan erreformaren kontrako kolektiboko kide EH Baik eta Aitzinak.

Biriatuko ordainlekua itxi dute manifestariek. MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN
2016ko ekainaren 1a
07:58
Entzun

Aurrera jarraitzen dute Frantziako Gobernuak bultzatutako lan kodearen erreformaren aurkako protestek. Gaur, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zuten hitzordua sindikatuek, Behobian. Jende andana gerturatu da, tartean, baita CGT, LAB, CCOO sindikatuetako ordezkariak eta lan erreformaren kontrako kolektiboa ere. Denen artean blokeatu egin dute Behobiako zubia, ordu laurdenez. Protestak ez du zirkulazio arazo nabarmenik sortu, Ertzaintzak eta Frantziako Poliziak bideratu baitute trafikoa.

Ondoren, batzarra egin eta Biriatuko ordainlekura abiatu dira, hura ixteko asmoz. 12:00ak inguruan hasita 13:00ak arte blokeatu dute ordainlekua Gipuzkoatik Lapurdirako noranzkoan. Autoei igarotzen utzi diete, baina ez, hala, kamioiei. Peio Dufau CGTko trenbideetako langileak azaldu duenez, ekintzaren bidez asmoa zen Espainiar estatutik Frantzia iparraldera erregaia daramaten kamioiak oztopatzea. Findegiak greban dira Frantzian, hain justu, eta erregaia eskasten ari da gasolindegietan. Ordainlekua blokeatzearen ondorioz, ilara luzeak sortu dira mugan, Lapurdirako noranzkoan.

 

Ez da Jusqu'au Retrait kolektiboak deituta egiten den antzeko lehen ekintza. Aurretik ere Bokaleko portuko sarrera-irteerak eta Baionako pleitagunea ere itxi dituzte.

Horretaz gain, SNCFko langileek ere greba mugagabea abiatu zuten atzo iluntzean, erreformaren aurka. Haietako hainbatek bat egin dute Behobiako ekintzarekin. Gaur, berriz, sektore gehiago batuko zaizkie; eta biharko manifestazioak iragarri dituzte. 11:00etan eginen dute manifestazio nagusia, Baionako tren geltokitik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.