Erretreten erreformaren aurkako protestak ez dira baretu Ipar Euskal Herrian eta gaur goizean Biriatun autopista itxita egon da hainbat orduz, 14:30ean prefetak bertan zeudenak botatzea agindu duen arte. Oldartu eta Erretreten aldeko kolektiboetako 50 bat kidek euren ibilgailuak kamioientzako ordainlekuetan jarri dituzte, igarobidea oztopatuz.
Autoentzako igarobideak libre ziren arren, ekintzak erabat itxi du Biriatuko ordainlekua, eta horrela egon da hiru bat orduz. 30 kilometroko auto-ilarak egon dira. Eta oraindik ere trafikoa ez da bere onera itzuli, eta mantso dabil puntu horretan.
Miarritzen herriko etxea okupatu dute protesta egiteko. Izan ere, gogoratu behar da Didier Borotra auzapeza senataria ere badela. Mugerren FRET garraioen zentroa hartu dute langileek, eta Donibane Lohizunen egin den manifestazioan 350 pertsona bildu dira, ikasle eta langile artean.
Frantzian ere Poliziak indarrez desblokeatu du gaur goizean Grandpuitseko findegia, Frantziako handienetako bat. Paris kanpoaldean dago hori, eta hamar egun zeramatzan itxita, erretreten erreformaren aurkako prosteten eraginaren ondorioz. Charles Foulard CGT sindikatuko koordinatzaileak jakinarazi duenez, gainera, Poliziaren esku hartzeak hiru zauritu eragin ditu.
Findegiak askatu dituzten arren, Frantziako Gobernuak gaur onartu du erregai eskasiak zenbait egun iraungo dituela. Autopistetan dauden gasolindegiak lehenetsiko ditu Gobernuak erregaia banatzean, baina jakinarazi duenez ez du lurraldeen arteko bereizketarik egingo. Erabaki hori, erregai ekoizle eta banatzaileekin bildu ondoren hartu ditu Gobernuak.
Frantziako Senatuan gaur dira bozkatzekoak eztabaida sortzen duten puntu nagusiak, eta datorren asteazken edo ostegunean espero da Senatuan eta Legebiltzarrean proposamena behin betiko onartzea. Sindikatuek egun horretako deitu dute hurrengo greba eta protesta eguna.
ERRETRETEN ERREFORMA
Biriatun hiru orduz egon da autopista itxita goizean
Ordainlekuan kamioien igarobideak oztopatu dituzte protestan, eta 30 kilometoroko auto-ilarak sortu dira; ekintza gehiago ere izan dira Miarritzen eta Mugerren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu